Javier Atristain eta Juan Carlos Besancek Venezuelan ETAren entrenamenduak egin zituztela esanez ustez egindako adierazpenak «erabat borondatezkoak» izan ote diren «duda handiak» dauzka Venezuelak. Ustezko bi etakide horiek espetxeratzeko agindu zuen Ismael Moreno epaileak autoan idatzi zuenez, 2008an biak Venezuelan izan ziren armak erabiltzeko ikastaroa jasotzen. Ikastaro hori Arturo Cubillas Venezuelako Gobernuko funtzionarioak eman ziela ere jaso du epaileak autoan. Atristain eta Besance Guardia Zibilaren eskuetan bost egunez inkomunikatuta egon ostean idatzi zuen autoa epaileak, haiek Guardia Zibilaren eskuetan egindako adierazpenetan oinarrituta. Denbora horretan «tortura latzak» jasan zituztela kontatu diote bi lagunek euren abokatuei.
Venezuelak Espainian duen enbaxadore Isaias Rodriguezek zalantzan jarri du adierazpen horiek lortzeko modua. «Venezuelak zalantza handiak ditu adierazpen horiek guztiz borondatezkoak izan ote diren, nahiz eta esan dituztenen aldetik faltsuak eta gaiztakeriazkoak izan, eta jakinda ere torturarik, maite den jendeari buruz mehatxurik edo esandakoagatik sari ematerik ez duela gertatu behar».
Madrilen eman zuen prentsaurrekoan bi aukera proposatu zituen: batetik, ustezko aitortza «irregularki ateratakoa» izan daitekeela esan zuen, eta horrek kendu egiten ziola froga gisako balioa. Bestetik, adierazpen horiek inputatuek jarraitutako estrategia juridikoaren barruan sartzeko aukera jarri zuen, «zigorra gutxitzeko». Horrek ere, hirugarrenen kontra froga baliorik ez lukeela azpimarratu zuen.
Adierazpen horiek egin ostean, kazetariak galdezka hasi zitzaizkionean «Espainiako prozedura legala» ez duela zalantzak jartzen esan zuen Rodriguezek: «Aieruak egiten ari nintzen, sinpleki». Haren iritzian, «zentzugabekoa da» bi inputaturi «ustezko aitorpenetan» sinesgarritasuna ematea, eta «bake kausetan elkarlanean aritu den Estatuari sinesgarritasunik ez ematea».
Orduak aurrera joan ahala, hautsak harrotu zituzten enbaxadorearen hitzek, eta esandakoak leunduz beste prentsa ohar bat kaleratu zuen arratsaldean, Espainiari ez ziola torturarik edo eroskeriarik leporatu argituz.
«Kriminal odoltsuak»
Hugo Chavez Venezuelako gobernuburuak ere argitaratu zuen oharra ETAren eta Venezuelaren arteko ustezko loturen inguruan. «Bi kriminal odoltsuren» adierazpenei sinesgarritasunik ezin zaiela eman esan zuen, eta «gezurtatu» egin zuen Venezuelako Gobernuak ETArekin inolako loturarik duenik. Atristain eta Besancek ustez egindako aitorpen horiek zigorra leuntzeko egin zituztela uste du Chavezek. Hala, Gobernuak erakunde armatuaren ekintzak «aringarririk gabe arbuiatzen» dituela berretsi zuen.
Venezuelako gobernuburuak bere gobernuaren eta Espainiakoaren harremanak okertzeko asmoan kokatu ditu lotura horiek. «Prentsa espainiar zehatz batek, frankismoaren nostalgia duten parlamentari eskukada batekin batera bi antisozialen iradokizunei sinesgarritasuna ematea» salatu du. Berak argi dauka: etakideek ez zuten ikastarorik jaso Venezuelan. Haren arabera, bi gobernuek arlo askotako elkarlana dute. «Zehazki eremu judizialean eta polizialean», ohartarazi du. «Venezuelako estatuaren erakundeak Espainiako estatuak zehaztutako bideetatik eskatzen duenean aktibatzeko prestasun guztia dute».
«Ez dut dudarik iraultza bolivartarraren kontra planetaren lau puntu kardinaletatik entzuten den orkestraren barruan dagoela. Nazioartetik etengabeko konspirazioa dago», esan du Chavezek.
Venezuelak dudak ditu atxilotuen esanak «borondatezkoak» ote diren
Ustezko etakideei bai, baina Venezuelako Gobernuari sinesgarritasunik ez ematea salatu du Hugo Chavez gobernuburuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu