ETA Venezuelako Gobernuarekin eta Kolonbiako FARC gerrillarekin lotu du berriro Espainiak, Xabier Atristrain eta Juan Carlos Besance ustezko etakideen atxiloketaren bidez. Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak autoan dio polizia atestatuaren arabera "ondorioztatzen" duela bi haiek 2008an Venezuelan izan zirela, eta han Arturo Cubillas Venezuelako Gobernuko funtzionarioaren eskutik trebakuntza militarra jaso zutela. Duela zazpi hilabete Auzitegi Nazionalak Cubillas atxilotzeko agindu zuen, ETA eta Kolonbiako FARC gerrillaren arteko harremana ikertzen duen auzi bat dela medio. Espainiako Barne Ministerioko iturriek ere azpimarratu zuten atzo lotura hori, aipatutako atxiloketen ildotik.
Orduan bezala, orain ere Venezuelako Gobernuak ukatu egin du ETArekin harremanik duela. Hugo Chavez presidentea arduratu da horretaz, VTV telebista katean telefonoz egindako adierazpenen bidez. "Venezuelako Gobernuak gezurtatu eta ukatzen ditu, 2010eko martxoaren 8an plazaratutako komunikatuaren edukia berretsiz, ETA erakunde terroristarekin lotu nahi duen edozein baieztapen. ETAren ekintzak aringarririk gabe arbuiatzen ditu", esan du Chavezek.
Areago, ustezko etakideak "humanitate eta moralik gabeko kriminal odoltsutzat" jo ditu, eta, horregatik, haiek atxiloaldian egindako deklarazioei ezin zaiela sinesgarritasunik eman erantsi du.
Isaias Rodriguez Venezuelak Espainian duen enbaxadoreak gaur eguerdian esan du "zalantza serioak" dituela atxilotuen deklarazioei buruz, bere ustez Atristrain eta Besancek ez dituztelako horiek "euren borondatez" egin, eta Guardia Zibilaren aldetik tratu txarrak jaso dituztela iradoki du. "Horrelako [atxiloaldi] kasuetan torturarik, senideekiko-eta mehatxurik edo nahi dena esateko ordainsaririk ez dela gertatuko pentsatu behar dugu, baina Venezuelak deklarazio horiek atxilotuen borondatez egindakoak ote diren zalantza serioak ditu, faltsuak izan daitezkeelako edo min egin nahian egindakoak".
Atristrain eta Besance joan den asteazkenean atxilotu zituen Guardia Zibilak Villabonan (Gipuzkoa) eta ordutik atzo arte inkomunikatuta izan zituzten. Atzo eraman zituzten Moreno epailearengana, eta uko egin zioten deklaratzeari. Biak baldintza gabe espetxeratzeko agindu zuen epaileak. Ondoren, bost minutuz konfiantzazko abokatuekin egoteko aukera izan zuten, eta une horretan "tortura latzak" salatu. Polizia iturrien arabera, hainbat arma eta lehergai atzeman dizkiete atxilotuei.
Politika
Venezuelak ETArekin ez duela inolako harremanik berretsi du Hugo Chavezek
Xabier Atristrain eta Juan Carlos Besanceren atxiloketaren ildotik, ETA Venezuela eta FARCekin nahastu du berriro Espainiak. Venezuelak Espainian daukan enbaxadoreak sinesgarritasuna kendu die atxilotuen deklarazioei eta tratu txarrak jaso dituztela iradoki du. Atristrain eta Besance atzo espetxeratu zituzten bost egunez inkomunikatuta izan ostean, ETAko kide izatea egotzita. Torturak salatu dituzte biek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu