Venezuelaren aurkako kanpaina salatu dute euskal errefuxiatuek

Espainiaren «mozkorraldi errepresiboan» ez erortzeko eskatu diete Venezuelako agintariei

Erredakzioa
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Venezuelan bizi diren euskal errefuxiatu eta deportatuen kolektiboak herrialde horren aurka «kanpaina mediatikoa» abiatzea leporatu die Espainiako Gobernuari eta komunikabideei. «Intoxikazio eta desinformazio» kanpaina hori egiteko errefuxiatu politikoak «erabili» egin dituztela salatu dute, halaber. Xabier Atristain, Jesus Mari Besance eta Juan Carlos Besanceren atxiloketen harira Espainia Venezuelako Gobernua estutzen dabilela ikusita, agiria kaleratu du euskal errefuxiatu eta deportatuen kolektiboak.

Azken urteotan EspainiakVenezuelaren aurka abiatu dituen kanpainak gaitzetsi dituzte kolektiboko kideek. Horren harira, lehengo asteazkenean Guardia Zibilak atxilotutako Xabier Atristainek eta Juan Carlos Besancek egindako tortura salaketei erabateko sinesgarritasuna eman diete, eta ustezko bi etakideek Venezuelan ETAren entrenamenduak egin zituztela esanez ustez egindako deklarazioak torturapean lortu zirela «zalantzarik ez dute».Areago, Espainiako polizia etxeetan torturatzea «ohikoa» dela nabarmendu dute agirian.

Hala, euskal errefuxiatu eta deportatuek argi dute «azpijoko mediatikoaren» atzean Espainiak «interes politiko ilunak» dituela; horien artean aipatu dute, besteak beste, Venezuelako Gobernua ezegonkortzeko asmoa.

Hori horrela, Espainiako Gobernuaren «mozkorraldi errepresiboan» ez erortzeko eskatu diete Venezuelako agintariei eta gizarteari. Haien ustez, Euskal Herrian aro berri baterako bideari ekin diote ETAk, «ezker iraultzaileak» eta gehiengo sindikalak eta sozialak, baina Espainiak «errepresioaren» eta eskubide zibil eta politikoen «zapalkuntzari» eutsi dio. Errefuxiatuen kolektiboak Venezuelako agintariei dei egin die bat egin dezaten Euskal Herrian giza eskubideen eta eskubide zibil eta politikoen alde lanean ari direnekin.

Komunikatuan argi utzi nahi izan dute euskal errefuxiatu eta deportatuak Venezuelan bizi direla 80ko hamarkadan Espainiako eta Venezuelako gobernuek hala hitzartu zutelako, eta ez beraiek Euskal Herritik ihes egin zutelako. Venezuelan hiru hamarkada daramatzatela, hangogizartean «erabat errotuta» daudela eta herrialdea «maite» dutela nabarmendu dute, halaber.

Cubillas ikertuko dute

Bestalde, Atristainen eta Besanceren ustezko deklarazioek sortutako polemikaren ondoren, Venezuelako Gobernuak iragarri du Arturo Cubillas ikertu egingo duela. Nicolas Maduro herrialde hartako kantzilerrak eman dio erabakiaren berri Espainiako Gobernuari. Cubillas 1989an deportatu zuten, eta Venezuelako Gobernuko funtzionarioa da. Ismael Moreno Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Cubillasi leporatu dio Besance eta Atristain ustezko etakideei armak erabiltzeari buruzko ikastaroak ematea. Atristainek eta Besancek ustez Guardia Zibilari egindako deklarazioetan adierazi zuten Venezuelan jaso zutela armak erabiltzeko ikastaro bat. Bost eguneko inkomunikazio aldian Guardia Zibilak torturatu zituela salatu dute biek ala biek, eta Atristainen deklarazioa ez zuen sinatu ofizioko abokatuak, haren egoera ikusita.

Espainiako Estatuko Barne idazkari Antonio Camachok «egokitzat» jo du Venezuelak Cubillas ikertzeko erabakia hartu izana. Haren hitzetan, Espainiaren eta Venezuelaren proiektu komuna da «legetik at» dauden eta «terrorismoarekin eta xantaiarekin» zerikusia duten pertsonak justiziaren esku uztea. PPk ere «tinko» jokatzeko eskatu dio gobernuari. Maria Dolores de Cospedal idazkari nagusiak esan du gobernuak «zorrotz» jokatu behar duela Venezuelarekin eta Cubillasek «Chavezen gobernuan duen zereginaz» argibideak eman behar dituela. ETAri laguntza eman diola erakusten bada, hura «kargutik kendu» beharko luke Venezuelako Gobernuak, haren esanetan.

Bestalde, ETAko eta FARCekokideen arteko ustezko harremanari buruzko datuak biltzeari ekin dio Kolonbian Auzitegi Nazionaleko fiskalburu Javier Zaragozak. Hala baieztatu du Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskalburuak. Herenegun, gainera, Eloy Velasco epaileak Espainiako Poliziari agindu zion Kolonbiara joateko eta FARCeko bederatzi kide ohi galdekatzeko, ETArekin harremanik izan ote duten jakiteko. Conde-Pumpidok adierazi duenez, gobernuak «zorrotz» jokatuko du atzerrian «terrorismoa» babesten dutenen aurka, dela FARCekin nola beste taldeekiko harremanak ikertuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.