Venezuelari buruzko eztabaida gaur Kongresuan

Venezuelako ordezkaritzak ez du parte hartu Hispanitatearen Eguna dela-eta Madrilen egindako desfilean

Agentziak
Madril
2010eko urriaren 13a
00:00
Entzun
Venezuelako Gobernuaren aurka «irmotasun falta» aurpegiratuko dio gaur PPk Espainiako Gobernuari, Kongresuko kontrol saioan. Juan Carlos Besance eta Xabier Atristain ustezko etakideek egindako polizia deklarazioen ostean Hugo Chavezen gobernuarekin sortutako polemikaren harira, PSOEren gobernuari jarrera «epela» izatea aurpegiratuko dio PPk. Ustez Venezuelako gobernuak etakideak babesten dituela dioten informazioen inguruan Espainiako Gobernuak ez duela «sendotasunik eta zorroztasunik» erakutsi kritikatuko dute gaurko saioan.

Venezuelako auzia dela eta, galdera egingo dio gaur PPk Espainiako Gobernuari Kongresuan. PPk salatuko du Venezuelako Gobernuarekin duen auzian Zapaterok ez dituela «behar bezala babestu» Espainiako interesak. Besteak beste, afera horri lotuta Espainiako Auzitegi Nazionalak abiatutako ekinbideak ez dituela behar beste babestu salatuko du. Interpelazioa ez ezik, legez besteko proposamen bat ere aurkeztu du PPk Kongresuan, Gobernuari Venezuelaren aurkako neurriak har ditzan eskatzeko. Senatura ere eztabaida hori eramango du PPk datorren astean, talde guztiek Espainiako nazioarteko politika gaitzetsi dezaten.

Eusko Legebiltzarrean ere legez besteko proposamena aurkeztuko du PPk. Haren bidez Espainiako Gobernuari eskatuko dio nazioartean «ofentsiba diplomatikoa» has dezan Venezuelak «ETAren babeslekua» izateari utz diezaion.

Madrilgo desfilea

Bestalde, atzo Hispanitatearen Eguna zela-eta Madrilen egindako desfile militarrean ez zen Venezuelako ordezkaririk egon. Urtero, Espainiako Gobernuarekin batera, Hego Amerikako zortzi herrialdek parte hartzen dute Hispanitatearen Eguneko ospakizunetan, baina atzo Venezuelako banderarik ez zen egon. Herrialde horretako enbaxadak jakinarazi zuenez, bandera eraman behar zuen pertsona «ondoezik» zegoelako ez zuten parte hartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.