«Ahalik eta gutxien». Gaixoak zentro pribatuetara bideratzeak salbuespena behar du izan; ez, ordea, araua. Horixe azpimarratu du Nafarroako Osasun kontseilari Marta Verak, Bilduk eskatuta Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordean egin duen agerraldian. Bortzirietako herritarrak Gipuzkoan artatzeko sortu ziren arazoen inguruan azalpenak ematera agertu da Vera parlamentarien aurrean. Osasunbidearen politika ez dela aldatu, eta Bortzirietako biztanleek Irungo eta Donostiako ospitaleetara joaten jarraitzeko aukera izanen dutela berretsi du.
Zehaztu du, hala ere, gaixoak zentro pribatuetara bideratzeko orduan Osasunbidearen betebeharra dela kasu bakoitza aztertzea eta beharrezkoa denean bakarrik baimentzea. «Ahalik eta gaixo gutxien bideratzea da kontua; bakarrik ezinbertzekoa denean».
Bortzirietarako herritarrak Donostiako Onkologikora bideratzeko aukeraren harira erran ditu hitzok Verak, Osasun Batzordeko eta NaBaiko kide Asun Fernandez de Garaialdek gogoratu baitio kontseilariari zentro hori orain erabat pribatua dela. «Gure ustez, Osasunbideak artatu behar ditu herritarrak, berezko dituen baliabideekin», erran du Fernandez de Garaialdek.
Iritzi horrekin bat egin du Verak. Osasun Departamentuaren jarduerak, ordea, bertzelako irizpideak erakusten dituela salatu du NaBaiko parlamentariak, Nafarroako Gobernuak Klinika Unibertsitarioarekin duen hitzarmenaren harira. Izan ere, 2008tik akordio bat dute bi erakunde horiek, Klinika Unibertsitarioak arta ditzan Nafarroako Unibertsitateko langileak.
2008ko hitzarmena 2011n bukatu zen, eta beste bat egin dute, urtebeterako, 5,3 milioi euroko aurrekontukoa. Kontuen Ganberak 2009an akordio horren egokitasuna aztertzeko gomendioa egin zuela gogoratu dio Bilduko Bakartxo Ruizek Marta Verari. Kontseilariak erantzun dio langileak Osasunbidean artatzea baino merkeagoa dela: «772 eurokoa da aurrekontua langile bakoitzeko». Ia 7.000 dira Nafarroako Unibertsitatean. «Denak Osasunbidean artatzeak sistemari eraginen lioke; ezin ditugu denak batera hartu».
Vera: «Ahalik eta gaixo gutxien bideratu behar da zentro pribatuetara»
Osasun kontseilariak berretsi du ez direla aldatu Bortzirietako herritarrak Gipuzkoan artatzeko irizpideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu