Nafarroako Gobernuko Osasun Kontseilari Marta Verak argi eta garbi erran du: «Inolako bakteriok ez du elikagaien segurtasuna arriskuan jarri. Beraz, ez diogu zertan inori eskatu ardurak hartzeko». Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordearen aurrean agertu da Vera. Geroa Baiko Patxi Leuzak eskatu du agerraldia, Nafarroako Ospitale Guneko menuetan agertu listeria bakterioaren inguruan azalpenak eman ditzan. Verak, ordea, azalpen gutxi eman du, eta ez ditu argitu oposizioko talde gehienek Mediterranea de Catering enpresa eskaintzen ari den zerbitzuaren kalitateari buruz agertu dituzten zalantzak. Osasun kontseilariak erran du listeria bakteriorik ez dutela aurkitu ospitaleetako menuetan, eta oposizioko talde horiei egotzi die, hain zuzen, herritarren artean alarma piztea.
Bakteriorik ez dela aurkitu erran du lehendabizi. Baina berehala erantsi du berez egon bazegoela. «Hamar unitate gramo bakoitzeko», hain zuzen ere. Europako arautegiak ezartzen du gutxienez gramo bakoitzeko ehun unitate behar direla bakterio horrek eragindako kutsaduraz mintzatzeko. Veraren ondorioa, beraz, horixe da, listeriarik ez dutela aurkitu. «Analisien emaitza negatiboa da». E.coli bakterioari buruz, antzeko zerbait erran du Osasun kontseilariak. Ohikoa dela agertzea, baina horrek ez duela erran nahi elikagaien segurtasuna arriskuan egon denik. Verak berretsi du «kontrol anitz» egin izan dituztela eta segurtasun arazorik ez dela.
Oposizioaren kritikak jaso ditu Verak
Leuza ez da kontent gelditu Veraren hitzekin, eta zalantzan jarri du Europako arautegia betetzen ari direnik ospitaleetako sukaldean. Bilduko Bakartxo Ruizek ere kontseilaria eskas aritu dela erran du, eta salatu du behar den kontrola ez dela egiten Mediterranea de Catering enpresan, eta gutxieneko higiene baldintzak ere ez dituztela betetzen. Aralar-NaBaiko Asun Fernandez de Garaialdek argi utzi du zerbitzuak ez duela hobera egin, eta Ezkerrako Marisa de Simonek enpresari kontratua eteteko eskatu du. PPk dauden hutsak konpontzeko beharra nabarmendu du, eta gobernua horretan ari dela gaineratu du. PSNko Samuel Carok, berriz, informazioa hobe zabaltzeko eskatu dio Marta Verari.