Ugalketa lagundua erietxe publikoetan egiteko aukera bikote heterosexualek bakarrik daukate Nafarroan. Marta Vera Osasun kontseilariak arratsaldean agerraldia egin du parlamentuan gai horri buruz, eta azaldu du gobernuak ez duela onartzen bikotekiderik ez duten andreek eta lesbianek ugalketa lagundura jotzea ospitale publikoetan. Nabarmendu du gobernuaren jokabidea legezkoa dela eta "diskriminaziorik" ez duela eragiten.
Bilduk eskatuta egin du agerraldia kontseilariak. Hain zuzen ere, Nafarroako Arartekoak uztailean kontuak eskatu zizkion gobernuari jardun hori dela eta. Bi andreri ez zien baimenik eman ugalketa lagunduaz baliatzeko: batek ez du bikotekiderik, eta bestea lesbiana da. Arartekoak gobernuari ohartarazi zion "diskriminatzailea" dela emakume horiek ugalketa lagundurik gabe uztea. Gobernuak ezetz erantzun du berriz ere.