«Ez dakit zehazki zeintzuk diren gobernuburu ohiaren arrazoiak. Edozelan ere, Gonzalez jauna oso gizon adimentsua da, eta pentsatzen dut bere arrazoiak dituela hori esateko». Rafael Vera1986tik 1994ra Estatuko Segurtasun idazkari izan zenari atzo Cope irratian galdetu zioten ea Gonzalezek ETAren aurkako gerra zikineko operazioak baimentzen zituen, eta Verak erantzun zuen «Espainiako gobernabidearekin erlazionatutako kontu horietan» sartuta zegoela Gonzalez.
Igandean El País-en argitaratutako elkarrizketa batean Gonzalezek ETAren buruzagitzako kideak bonba batez hiltzeko aukera izan zutela onartu izanak hautsak harrotu ditu, eta gertaera haiek hizpide izan zituen Verak. «23 urte pasatu dira, baina gogoan dudala uste dut». Haren esanetan, «zuzenean Barne Ministerioaren menpe ez zeuden zerbitzuen bidez», ETAko buruzagitzaren bilera baten berri izan zuen gobernuak. «Mahai gainean izan zen aukera hura, baina ondoren gertatutakoari buruz ez dakit ezer». Veraren irudiko, auzi haren inguruko erabakian Gonzalezek Estatuaren interesak ez ezik «auzi moralak» ere aintzat hartu zituen, eta azkenean «erabaki zuzena» hartu zuelakoan dago.
80ko hamarkadan Gonzalezen exekutiboak egin zuena justifikatu nahi izan du, PSOE gobernura iristerako jada 46 hilketa egon zirela aipatuz. GALen atentatuak zuzenean aipatu gabe, gainera, 1987an «atal beltz haiekin amaitzeko gai» izan zirela arrazoitu du.
Aralarren eskaera
Gonzalezen adierazpenen harira, Aralarreko legebiltzarkide Mikel Basabek Espainiako gobernuburu ohiaren agerraldia eskatu du Giza Eskubideen Batzordearen aurrean. Basabek arrazoitzen du beharrezkoa dela Gonzalezek argitzea zer esan nahi zuen ETAren buruzagitza «zartarazteko» aukera izan zuela esatean. «Bai eta Mareyren errugabetasunaz zalantzak zabaldu zituenean eta Galindo jeneral ohiaren aldeko iritziak eman zituenean».
Verak dio Gonzalez «gobernabidearen kontu horietan» sartuta zegoela
«Mahai gainean izan zen aukera hura, baina ondoren gertatutakoari buruz ez dakit ezer», dio Rafael Verak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu