Verak dio laborategiak batzea «eraginkorra» dela

Nafarroako Osasun kontseilariak esan du lantaldean ez duela eragingo erietxeetako laborategiak batzeak

Erredakzioa
Iruñea
2011ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Nafarroako Garcia Orkoien eta Reina Sofia ospitaleetako laborategiak zentralizatzea «oso neurri eraginkorra» dela iritzi dio Marta Verak, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariak, baina Osasunbidean oraindik «antolakuntza eredu onenaren bila» lanean ari direla erantsi du. Hala, neurri horrek laborategietako langileen artean izan dezakeen eragina zein izango den ez dakiela azaldu du Verak, baina ziurtatu du neurriak ez duela langile taldean murrizketarik sortuko, lanpostuek «egonkortasun handia» dutelako.

Verak Nafarroako Parlamentuan hitz egin zuen atzo, Ezkerra taldeko Marisa de Simon parlamentariaren galderei erantzuteko. Laborategien batzeak, egin den lekuetan, herritarrentzat eta langileentzat abantaila ugari ekarri dituela azaldu zuen Verak, eta Nafarroan urtero 7,2 milioi euro aurreztuko dituztela aurreikusi zuen.

Murrizketen aurka protesta egiteko, sindikatuek lanuztera deitu zuten atzo Osasunbideko sukaldeko langileen artean. LAB, ELA eta CCOO sindikatuak «oso pozik» azaldu dira geldialdiek izandako babesarekin. Aldiz, Nafarroako Gobernuak esan du atzokoak babes txikiagoa izan zuela iragan asteartean egindakoak baino. Protestekin jarraitzeko, manifestaziora deitu dute biharko Iruñean, Pribatizaziorik ez, osasun publikoaren alde lelopean, eta datorren asteazkenerako grebara deitu dute.

Errioxara, diru truk

Errioxako Gobernuko (Espainia) Osasun kontseilari Ignacio Nietok adierazi du mugatik gertu bizi diren Nafarroako gaixoen eta Arabako Errioxakoen artatzea «konpondu beharreko arazoa» dela, eta Errioxako Gobernua elkarlanerako prest dagoela «konpentsazio baten truke» .

Arabako Errioxako gaixoak eta Espainiako mugatik gertu bizi diren Nafarroakoak Logroñoko erietxean artatu dituzte orain arte, baina Errioxako Gobernuak eten egin du hori. Osakidetza gaixo horiek Gasteizko ospitaleetan artatzen hasi da, herenegun jakinarazi zuenez. Bestalde, Osasunbideko gerente Angel Sanzek azalpenak eskatu dizkio Errioxako exekutiboari, «alde bakarreko erabakia» hartzeagatik eta erabaki hori Nafarroako eta Euskal Autonomia Erkidegoko gobernuei ez jakinaraztegatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.