Nafarroan edo Gipuzkoan. Bortzirietako biztanleek nahi duten herrialdean arta ditzaten eskubidea badute. Horixe erran die Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Marta Verak Bortzirietako alkateei. Berako, Lesakako, Etxalarko, Igantziko eta Arantzako agintariek bilera egin zuten atzo harekin, baita Osasunbideko zuzendari Angel Sanzekin ere. Bilera horren ondotik, kontent da Berako alkate Marisol Taberna, Bortzirietako herritarrek Irungo eta Donostiako ospitaleetara jotzeko duten eskubidea aintzat hartu duelako Nafarroako Gobernuak. Eskubide hori baliatzeko eta arazorik izanez gero salaketa jartzeko eskatu die alkateak herritarrei.
«Kontseilariak erran digu ez dutela agindurik eman Gipuzkoan Bortzirietako nafarrik arta ez dezaten», azaldu du Tabernak. Verak alkateei jakinarazi dienez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko arduradunekin harremanetan izan dira azken egunetan, eta haiek ere ez dute orain artekoa aldatzeko urratsik egin. Ondorioz, Bortzirietako zenbait gaixo Gipuzkoako ospitaleetatik Iruñeko Ospitale Gunera bideratzeko erabakia hainbat sendagileren erabaki pertsonala izan ote den iradoki du Osasun kontseilariak.
Bortzirietako alkateek argi dute herriotako biztanle anitzek Gipuzkoan arta ditzatela nahi dutela. Batetik, hurbiltasunagatik. Irun eta Donostia 15 eta 35 kilometro ingurura dira Bortzirietako herritarrentzat; Iruñea, berriz, 70 ingurura. Bertzetik, Berako alkate Tabernak azpimarratu du Bortzirietako biztanleek denbora luzea daramatela Gipuzkoara jotzen eta hango medikuekin konfiantza badutela.
Orain arte arazorik ez da izan, baina azken boladan Iruñera bideratu dituzte herritarrak Gipuzkoatik; batez ere, Donostiako Onkologikotik. Zentro horretako arduradunek erran dute nafarrak artatzeko arazorik ez dutela han, baina horretarako Nafarroako Gobernuaren baimena behar dutela. Veraren hitzetan, baimen hori emateko arazorik ez du Nafarroako Gobernuak, eta baimen hori atzera botatzeko urratsik ez du egin. Bortzirietako hainbat medikuk hango alkateei jakinarazi dietenez, asteon bertan jaso dute gaixoak berriz ere Donostiako Onkologikora bideratzeko agiria.
Bilera Madrilen
Verarekin eta Sanzekin egin duten bileraren ondotik kontent agertu dira Bortzirietako alkateak, baina adi egoteko beharra azpimarratu du Berako agintari Tabernak. Izan ere, Onkologikoko gaixoak ez dira arazoak izan dituzten bakarrak. «Erditzeko ere hainbat emakume Donostiatik Iruñera bideratu dituzte», erran du.
Herritarrek erabakitzeko eskubidea badutela berretsi du Berako alkateak, eta eskubide hori ez bada betetzen udalera edo Osasun Departamentura jo dezaketela gogorarazi die. Alkateek, hain zuzen ere, auzia jarraitzeko asmoa agertu dute. Vera Osasun kontseilariak bilera eginen du laster Madrilen Espainiako Gobernuko eta autonomia erkidegoetako osasun arduradunekin, gai berari buruz. Informazioa jasotzeko nahia azaldu diote alkateek kontseilariari.
Verak esan du bortziriarrek badutela eskubidea Gipuzkoan arta ditzaten
Herrietako alkateekin bilera egin du Osasun kontseilariak; gaixoei eskatu diete baliatzeko dauzkaten eskubideak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu