Vianako eriak berriz Errioxan artatzea hitzartu dute

Ostegunean hasiko dira Logroñon Nafarroako eriak artatzen; behin betiko ituna otsailaren 29rako lotu behar dute

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Errioxatik gertu dago Nafarroako Viana herria, eta bertako biztanleak abenduaren 15etik aurrera berriro artatuko dituzte Logroñon (Espainia), erkidego horretako hiriburuan. Hala adostu dute Marta Verak eta Jose Ignacio Nietok, Nafarroako eta Errioxako gobernuetako osasun kontseilariek. Behin-behineko ituna atzo sinatu zuten, Logroñon, eta behin betikoa otsailaren 29rako hitzartu beharko dute.

Adostutakoaren arabera, Logroñon osasun arreta espezializatuan artatuko dituzte berriro ere Vianako herritarrak —hala egiten zuten iragan irailera arte; orduan, Errioxako Gobernuak utzi egin zion Arabako Errioxako eta Nafarroako gaixoak artatzeari—. Trukean, Osasunbidean bost espezialitatetan artatuak izateko eskubidea izango dute Errioxako gaixoek; besteak beste, hezur muineko transplantean eta pediatriako espezialitate ugaritan.

Osasun kontseilariek ezinbestekotzat jo dute bi lurraldeen arteko biztanle fluxua eta horiek artatzeak eragindako kostu ekonomikoa zenbatzea. Veraren iritziz, Errioxako mugatik gertu bizi diren Arabako Errioxako eta Nafarroako biztanleak artatzearen inguruko auzia baliagarria izan daiteke gaiari osotasunean heltzeko; hortaz, gaia Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseiluan eztabaidatzeko asmoa azaldu du Verak. Litekeena da kontseiluaren hurrengo bilkura 2012ko urtarrilerako edo otsailerako antolatzea.

Errioxak «arrazoi»

Errioxako Gobernuko presidente Pedro Sanzek esan duenez, hura buru duen gobernuaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko hitzarmenak argi erakusten du Arabako Errioxako gaixoen artatzearen auzian Errioxak zuela arrazoia. Hala ere, aitortu du «zorrotza» izan zela inguru horretako eriak ez artatzeko neurria. Gainera, Arabako Errioxako Lezako udalerriko erietxearen etorkizunaz «gogoeta egiteko» eskatu dio Sanzek Eusko Jaurlaritzari.

Bestalde, Espainiako Gaztela eta Leongo erkidegoko gobernua eta Eusko Jaurlaritza hizketan ari dira, bien arteko harremanak «normalizatzeko» eta 2012ko urtarrilean edo otsailean hainbat arlotan lankidetza hitzarmenak sinatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.