Euskal Herriko gatazka politikoari bukaera emateko ordua dela adierazi du Zaraguetak. Ohorezko patronatukide bezala, bere lana bake prozesua bultzatu, eta “ordu bat ere geratzen ez dela ziurtatzea” izango dela adierazi du. Haren iritziz, bakearen bidean ematen diren urrats guztiak “oso ekimen nobleak” dira, eta horregatik onartu du ohorezko patronatukide izatea: “Ohore handia da”, esan dio BERRIA.INFOri.
Herri agintaritzetatik bakea eraikiz izena izango du urriaren 10ean eta 11n Aieteko jauregian eta Kursaalean Bakearen Aldeko Alkateak erakundeak egingo duen bake konferentzia. Erakunde horrek 5.712 alkate biltzen ditu, 157 herrialdetakoak, tartean Donostiaz gain, Gernika, Abando eta Muskiz, eta Hiroshiman (Japonia) egin berri du zortzigarren batzar nagusia. Han iragarri zuen Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak konferentzia.
Zaragueta ozeanografoa da, eta Gipuzkoako Ozeanografia Elkarteko presidente. Bake konferentziaren ohorezko patronatukide izango dela zabaldu berritan udalek eta alkateek bake prozesuan paper garrantzitsua betetzen dutela dio: “Baliteke Donostiako alkatearekin pertsona askok bat ez egitea, baina, bere ikuspuntua eta alderdia errespetatu behar dira, eta bakea sustatzeko lanean diharduen orok izango du nire oniritzia”.
"Barkamenik gabe ez dago ezer"
Barkamenaren garrantzia azpimarratu du, harentzat hor dago konponbiderako giltzarria: “Barkamenik gabe ez dago ezer”. Hala ere, barkatzea ezin dela exijitu dio: “Ezin da eskatu. Bihotzetik egin beharreko kontua da, norbanako bakoitzaren askatasunetik”. Hori egiten ez jakiteak “aurretik dugun etorkizun handia” oztopatu dezakeela ohartarazi du.
Euskal Herrian gatazka politikorik ez dagoela esan dute hainbat politikarik azken boladan. Adierazpen horien harira, Zaraguetak hitzen arriskuaz ohartarazi du: “Kontu handia eduki behar da esaten denarekin, eta horrek ez du laguntzen”. Alderdi politikoek gatazka betikotzen utzi izana kritikatu du: “Ezin dut ulertu nola mantendu duten gatazka 50 urtez, nola utzi duten usteltzen horrelako arazo bat”.
Haren aburuz, “bakea ez da ametsa, errealitatea da”. Barkamenean ez ezik, bakerako giltzarria elkarrizketa ere badela berretsi du: “Askotariko ideologiak borondate onaren, eta elkarrizketaren bitartez ulertu daitezke”; “Bakea ez da odol eta gorrotoaren letrekin idazten, adimenetik baizik”, gaineratu du.