Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruiz Nafarroako Bilduren legebiltzarkideek ohar bat bidali diote Alberto Catalan Nafarroako Parlamentuko presidenteari atzo Victor Rubio Bilduko legebiltzarkideak jasandako erasoa salatzeko. Osoko bilkura egiten ari zirela jakin zuten legebiltzarkideek ikasleek deitutako protestetan istiluak zeudela foruzainen, Espainiako Poliziaren eta manifestarien artean; hainbat parlamentari joan ziren gertaerak bertatik bertara ezagutzera.
Rubiok burua estalita zeukaten hainbat lagun ikusi zituen parlamentuaren aurretik pasatzen; "egoera susmagarria" iruditu zitzaion, eta argazkiak atera zituen. Oharraren arabera, kaleko jantzitako polizia batek Rubioren gainera jauzi egin zuen, "hari erasotzeko asmo garbiarekin"; orduan, legebiltzarkidea dela egiaztatzen duen agiria atera, eta foruzainei laguntza eskatu zien. "Bikendi Barea eta Maiorga Ramirezek ikusi zuten, euren harridurarako, nola foruzainek inguratzen zuten Rubio, eta euretako batek eskuan zeraman agiria kendu eta lurrera bota zion".
Egoera horren aurrean, Ramirezek eta Bikendik Rubiorengana joatea erabaki zuten, eta euren legebiltzarkide agiriak erakutsi zituzten. "Bost axola dit niri legebiltzarkidea zaren edo ez", erantzun zion foruzain batek Bareari. Ramirez Rubiorengana gerturatzen saiatu zen, baina bidea eragotzi zion beste foruzain batek.
Euren "harridurarako", Foruzaingoak Rubioren aurka joan zenari besterik gabe alde egiten utzi zion. Gertaera "guztiz bidegabea" izan zen hori legebiltzarkideen ustez, "foruzainek izan behar luketen jarreraren oso desberdina".
Egoki ikusten dituen neurriak hartzeko eskatu dio Bilduk, horrela, Catalani.