Ziurtatu du diploma olinpikoa: Virginia Diaz arraunlaria lemazainik gabeko biko probaren finalean sartu da gaur goizaldean. Hirugarren postuan sailkatu da gaurko finalerdian Aina Cid kataluniarrarekin batera, eta bihar jokatuko dute finala, 02:30ean.
Diazen eta Ciden aurretik sailkatu dira gaur Zeelanda Berria eta Errusia, eta atzetik utzi dituzte Errumania, AEBak eta Italia. Egiari zor, beste finalerdian hobeak izan dira denborak, eta, besteak beste, Greziak munduko errekorra hautsi du.
Atzetik aurrerako lasterketa egin dute Diazek eta harekin biko proban aritzen den kideak. Milagarren metroko tarteko helmuga azken postuan igaro dute, baina 1.500garrenerako hirugarren ziren jada. Azkenean, gutxi falta izan zaie Errusia eta Zeelanda Berria harrapatzeko.