Eta hauteskundeak inoiz baino irekiagoak izango dira, gainera. Indar konstituziozaleek orain arte kutxarako zuten ekintza batasuna hautsi egin da. EAJri Vitaleko agintaritza kentzeko Aniztasunaren Aldeko Plataforman elkartu ziren 2000. urtean PP, PSE-EE eta UA. Boto bakar bati esker gehiengoa lortu, eta Pascual Jover izendatu zuten lehendakari. Lau urte geroago, 2004an, aliantza berritu eta Gregorio Rojo sozialista jarri zuten erakundeko buru. Alta, kutxen arteko bat-egitearen - «integrazioaren», haren hitzetan- beharra eta onura BBK-ko presidente Xabier Iralarekin eta Kutxako Karlos Etxeparerekin batera tinko defendatu ondoren, popularrek bizkarra eman diote Rojori.
Berriro ere Aniztasunaren Aldeko Plataforma izango da Rojoren aldekoek aurkeztuko duten zerrendaren izena, nahiz eta PPtik gertu dauden sektoreak kanpoan geratu. Aniztasunaren ideia azpimarratzeko Juan Jose Azurmendi SEAko lehendakaria zerrendaburu izatea lortu dute. Azurmendi EAJko kargu publikoa izandakoa da - Oka Iruñako alkate izan zen zenbait hilabetez -, baina Rojoren taldearekin bat egitea erabaki du, Vitaleko lehendakariak Arabako Enpresaburuen Elkarteko buruzagitza eskuratzeko eman zion laguntzaren ondotik.
Alderdi Popularrak, berriz, indarrak bilduko ditu kutxen bat-egiteari aurre egiteko helburua duen Vital Si plataformarekin. Hautagaitzako lehena Miguel Garnika Ajebask elkarteko presidente ohi eta egungo Vitaleko Kontrol Batzordeko lehendakaria da. Finantza erakundeko lehendakariordea, Teresa Crespo, zerrenda berean doa.
Arabako Foru Aldundia gobernatzen duen hirukoaren isla izango da Vitaleko hauteskundeetan. EAJk, EAk eta Aralarrek Bertatik taldea aurkeztu dute, kutxaren agintaritza zortzi urteren buruan berriro eskuratzeko asmoz. Duela lau urte aldaketa gauzatzea lortu ez zuen pertsonan konfiantza jarri dute berriro hiru alderdiek: Jose Luis Lopez Iturritxa enpresaburu eta Arabako Ehiza-barrutien Federazioko lehendakaria. Lopez Iturritxak Miguel Angel Redondo ordezkatu behar izan du azken unean, kutxako hauteskunde batzordeak Redondok ezin zuela berriro aurkeztu ohartarazi ondotik. Bertatik zerrendan bada, bestalde, Alfonso Arriola Arabako Parke Teknologikoko zuzendaria.
Alderdiei estu lotutako proposamenetatik kanpo beste lau aukera dituzte bezeroek. Langile Abertzaleak LAB sindikatuak babesten du, baina hori baino gehiago izatea nahi du, gizarte mugimendu ezkertiarren lekukoa hartuz. CCOOri dagokionez, langileen ordezkaritza handitzeko bokazioa du. Duela lau urte ELAk ere zerrendak aurkeztu zituen, baina aurten ez du esperientzia errepikatuko.
Azken bi zerrendak «independentetzat» jo dute euren burua. Lehenbizikoan Jose Luis Lopez Sosoaga Gasteizko gozogile ezaguna dago. Sindikatuetan afiliaturik ez dauden kutxako langileek sustatu duten hautagaitza da, eta hiriko merkatariak, abokatuak eta kazetariak biltze ditu. Azkenik, kulturarekin lotura duten sektoreetatik ere batzar orokorrean ordezkaritza izateko ekimena bultzatzea erabaki dute. Gorka Aguado bideo sortzailea da zerrendako aurpegia.
Kutxako hauteskundeen bidez batzar orokorreko ehun kideetatik erdia ordezkatuko dira orain, eta beste erdia 2010ean sartuko da erakundean. Bezeroen 43 ordezkarietatik 21 berehala izango dira batzarkide, eta beste 22 bi urte barru. Langileek zazpi kide dituzte batzarrean, eta lau txandakatuko dira prozesu honetan.
Batzar orokorreko beste 50 eserlekuak erakunde publikoetako ordezkariei dagozkie. Vitaleko entitate fundatzaileek, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak, hamarna kide dituzte. Beste 30 batzarkideak finantza erakundeko bulegoak dituzten Arabako udalerrietako ordezkariak dira. Bezeroekin gertatzen den gisara, erdia aldatuko da orain.
Udalerriek eta aldundiak martxoaren 8a arteko epea dute euren ordezkariak zeintzuk izango diren jakinarazteko. Aukera horrek berebiziko garrantzia izan dezake gehiengoa erabakitzeko. Aurreko bi legealdietan PPk eta PSE-EEkGasteizko Udaleko eta Arabako Aldundiko gobernuek izendatu behar zituzten batzarkideetatik kanpo utzi zituzten EAJ eta beste indar abertzaleak. Haatik, joan den urteko udal eta foru hauteskundeek egoera politikoa aldatu dute. Ondorioz, oso posible da jeltzaleek eta euren bazkideek aldundiari dagozkion bost eserlekuak bereganatzea, eta sozialistek, udalari dagozkion beste bostak. Hiriburutik kanpoko udalerriek izendatu beharrekoetan ere EAJk, EAk eta Aralarrek abantaila dute, Arabako herri gehienetan alkatetza duelako.
Behin batzar orokorreko 50 kide berriak izendatuta, administrazio kontseilu berria aukeratzeko bilkura martxoaren 30ean egingo da.
BAT-EGITEAREN ITZALA. Hauteskundeetako eztabaidagai nagusia BBK, Kutxa eta Vital Kutxa bateratzeko proiektua izango da. Gregorio Rojok aldeko jarrera izanagatik, sozialistek bidea itxi zioten bat-egiteari, unea egokia ez zela argudiatuta. Asteon ere Arabako Biltzar Nagusietan kutxak batzearen alde EBk aurkeztu zuen mozioa babesteari uko egin zion PSE-EEk.
Aniztasunaren Aldeko Plataformako bozeramaileak, Antonio Riverak, ez du bat-egitea baztertzen, baina baldintza batzuk jartzen dizkio. «Gaiari heldu beharko zaio, bai, baina zenbait eragileren arteko leialtasuna eta egonkortasun politikoa dagoenean, eta egun dugun egoera ez da egokia». Juan Jose Ibarretxe Jaurlaritzako lehendakariak iragarri zuen kontsultaren ondotik deialdi horrek kutxen balizko batasuna trabatzen zuela ohartarazi zuen PSEk.
Azken finean, helburua finantza erakundea «profesionaltasunez, eta ez ideologien arabera» zuzentzea litzateke, Riveraren ustez.
Vital Si izan da, oraingoz, bat-egitearen kontra argi eta garbi mintzatu den hautagaitza bakarra. «Ez da ekonomikoki beharrezkoa, eta ez da ona Araba eta Gasteizentzat», laburbildu du Miguel Garnika plataformako kideak. Haren irudiko, azken zortzi urteotan kutxak jarraitu duen ibilbidean sakontzea da egokiena. «Kudeaketa ezin hobea izan da, eta guk kutxaren etorkizunean sinesten dugu». Vital Siren ustez, bat-egiteak ez du bermatzen Arabatik proposatzen diren proiektuak aurrera ateratzea eta gizarte ekintzek behar duten finantzaketa lortzea.
«Norberaren defentsak gertukoekin batasuna behar du, eta bat-egitea bultzatuko dugu Arabako ekonomia indartzeko elementua delako», aurreratu du Bertatik plataformako hautagai Jose Luis Lopez Iturritxak, EAJ, EA eta Aralarren asmoekin sintonian. «Bateratzeari esker erakunde berria handiagoa eta lehiakorrago izango da». Kutxarako bozak irabazteko asmoz aurkeztu direla azaldu du Lopez Iturritxak, bestelako aliantzak behar izan gabe. Hori bai, Bertatik-ek isilpean gordetzen du oraingoz irabaztekotan zein izendatuko luke aurrezki kutxako lehendakari.
PARTE-HARTZE BEHARRA. Beste zerrendetatik, oro har, kutxaren jarduna gizarteari zabaltzeko beharra azpimarratu dute, parte-hartze zabalago baten bidez. Hori izango da Langile Abertzaleen helburuetako bat, ordezkaritza eskuratuz gero. «Demokratizazioa behar da, eta kudeaketa gardenago bat», Xabier Elorriaga zerrendaburuak azaldu duenez. Haren irudiko, egungo ereduak ez du balio, eta parte-hartzeko beste bide batzuk jarri behar dira indarrean. «Gaur egun Vital Kutxa munduko beste bankuak bezalakoa da, bere helburu bakarra mozkina pilatzea da». Proposamen zehatza ere badute: gizarte ekintzetara irabazien erdia bideratzea (gaur egun %26 inguru da).
Jose Luis Lopez Sosoagak langile talde batek egin zion eskaintza onartu du bozetan parte hartzeko. «Kaleko jendeak dituen iritziak eraman nahi ditugu kutxara, gizarteak gehiago parte hartu nahi du». Sosoagak ontzat jo du zazpi hautagaitza lehian egotea. «Boterea ez da hain indartsua izango, hitzartzeko beharra badago ekintzak hobeto pentsatuko dira».
CCOOtik datorren astean azalduko dituzte hauteskundeetan egoteko arrazoiak. Kulturatik antolatzen ari den proposamena ere mezua egituratzen ari da. Hala ere, zer ez diren azaldu du Gorka Aguado eledunak: «Ez gara diru laguntzak eskuratzeko presio talde bat, proposamenak egitera gatoz». Haien alde «sinesgarritasuna eta independentzia» dutela diote.
«Kaleko jendearen iritzia eraman nahi dugu kutxara; gizarteak gehiago parte hartu nahi du»
jose luis lopez sosoaga
Langileen hautagaitza independentea
«Eredua aldatu beharra dago; gaur egun Vital Kutxaren helburu bakarra mozkina pilatzea da»
xabier elorriaga
Langile abertzaleak
«Vitalen etorkizunean sinesten dugu; bat-egitea ez da ekonomia aldetik beharrezkoa Arabarentzat»
miguel garnika
Vital si
«Norberaren defentsak gertukoekin batasuna behar du; kutxen batasunak Araba indartuko du»
Jose Luis Lopez Iturritxa
bertatik
«Ez gara diru laguntzak eskuratzeko presiotalde bat; proposamenak egitera gatoz»
Gorka aguado
Kulturgile independenteen hautagaitza
«Bat-egiterako leialtasuna eta egonkortasun politikoa behar dira, eta gaur egungo egoera ez da egokia»
Antonio Rivera
aniztasunaren aldeko plataforma
Zenbakia
66
Bat-egiteko gehiengoa. Vital Kutxako estatutuen arabera, erakundea desegiteko edo beste batekin bateratzeko gutxienez batzar orokorraren bi heren behar dira. Alegia, aurrera ateratzeko alde 66 boto beharko lituzke proposamenak.
ZazPI HauTaGaITza
Aniztasunaren Aldeko Plataforma. PSEren gertukoa, Rojoren aldekoa.
Vital Si. PPren sostengua du, bat-egitearen aurkako boza eskatzen du.
Bertatik. EAJren, EAren eta Aralarren apustua.
Langile Abertzaleak. LABen eta ezkerreko mugimenduen babesa du.
CCOO. Sindikatu langileen ekimena.
Langile Independenteak. Jose Luis Lopez Sosoaga gozogilea eta hiriko beste pertsonak batzen ditu.
Kulturako hautagaitza. Kultur sortzaile independenteek osatzen dute.
Lehenbiziko polemika hautagaiekin
Vital Kutxako agintaritza lortzeko lasterketa hasi baino ez da egin, eta lehenbiziko polemikak eztanda egin du. Atzo EAJk, EAk eta Aralarrek jakinarazi zuten Bertatik hautagaitzako buru izan behar zuen pertsona, Miguel Angel Redondo, atzera bota duela hauteskunde batzordeak.
Redondok berak albistea «harriduraz» hartu duela adierazi zuen, hautagaitzaren aurkezpenean. Izan ere, duela zenbait aste batzordeari zerrendako kideen izenak bidali zizkioten, «eta ez zuten arazorik ikusi».
1992-2000. urteetan Vitaleko Kontrol Batzordean aritu zen Redondo. Azken lau urteotan, berriz, batzar orokorrean batzarkide izan da. Aurrezki Kutxen Legearen arabera, pertsona batek ezin ditu hamabi urte baino gehiago igaro finantza erakundeetako agintaritza postuetan. Redondok azaldu zuenez, araudia soilik administrazio eta kontrol batzordeetarako zela uste zuten.
Azkenean, hautagaitzatik kanpo geratzea erabaki du EAJk, EAk eta Aralarrek nahi zuten hautagaia. Baina polemika ez da hor amaitu. «Etikaren ikuspuntutik onartezina da hauteskunde batzordeko presidentea epailea izatea eta auzian parte hartzea», kritikatu zuen Redondok. Batzordeko burua Miguel Garnika da, Vital Si plataformaren zerrendetan dagoen hautagaia.
Kritikak, aipatu gabe, Gregorio Rojo ere izan zuten jo puntu. «Bateraezintasunak horrela planteatzen badira, egun karguak dituzten eta jarraitu nahi duten beste batzuk ezingo lirateke aurkeztu».