Walter Wendelin ezker abertzaleko kidea Parisen atxilotu egin dute gaur goizean, baina ordubetera aske utzi dute. Venezuelatik heldu da Frantziara, hegazkinez, kanporatua izan ostean. Marino Alvarado Provea Venezuelako Giza Eskubideen aldeko elkarteko kidearen arabera, atzo arratsaldeko zazpietan (bart goizaldeko ordubata eta erdia Euskal Herrian) atera zen hegaldia Caracastik. Aireportuko pasaporte kontrolean atzeman dute Wendelin.
Igandean Venezuelan atxilotu zuten, Mexikotik barrena Caracasko Maiquetiako nazioarteko aireportura iristean. Zutik Euskal Herria ezker abertzalearen adierazpena azaltzera joan zen Venezuelara. Harrezkero, Inteligentzia Zerbitzu Bolivartarreko kideen esku egon da, hegazkinez Frantziara bidean jarri duten arte. Proveak atxiloketaz gain, Herri Defentsoriako inor ez dela Wendelinekin harremanetan jarri salatu du.
Era berean, Alvaradok azaldu du Wendelini "Batasuneko kide" dela eta Venezuelatik "bere borondatez" alde egin duela dioen agiria sinarazi nahi izan zioten, baina uko egin zion.
Azkenaldian ika-mikak izan dira Espainiaren eta Venezuelaren artean, hain zuzen ere, Espainiako Justiziak eta komunikabideek Hugo Chavezen Gobernuari leporatu diotelako ETAri babesa ematea. Wendelinen atxiloketa Chavezek Espainiari egindako keinua da zenbait analistaren iduriko.
AAMren salaketa
Walter Wendelinen kanporatzea eta atxiloketa salatu du Amnistiaren Aldeko Mugimenduak. "Ez da berria Espainiako Estatua euskal independentisten aurkako sorgin ehiza mundu osora zabaltzeko eginahalean dabilela".
Politika
Walter Wendelin aske utzi dute Parisen, ordubetez atxilotua eduki ondoren
Herenegun Venezuelan atzeman zuten, 'Zutik Euskal Herria' ezker abertzalearen adierazpena azaltzera joan zelarik, eta gaur handik bidali dute, Frantziara. Giza Eskubideen aldeko ekintzaileek salatu dutenez, "Batasuneko kide" dela eta Venezuelatik "bere borondatez" alde egin duela sinarazi nahi zioten, baina ez du onartu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu