Veronica Etxeberriak hitz egin du hamabost ekoizleren izenean. Gogorarazi du ez dela nahikoa Nafarroa hegoaldeko produktuak ekoiztea eta beharrezkoa dutela "kontsumitzaile arduratsuen komunitatea". Komunitate hori "gero eta handiagoa, bizia, konprometitu eta arduratsua" da, Etxeberriaren esanetan: "Orokorrean euskaraz mintzo da, eta, ulertzekoa denez, produktuak lingua navarrorumean eskatzen dizkigu".
Hori horrela, euskaraz etiketatutako produktuak eskaintzeari ekin zioten aurrena, eta gehiago egin zezaketelakoan eman dute beste pauso bat: beren webguneak euskaratzea: "Honela, aurrerantzean sarearen bidez guri eta gure produktuei buruz jakin nahi duen edonork euskaraz egiteko aukera ere izango du". AEKren itzulpengintza zerbitzuaren laguntza izan dute zeregin horretan.
AEK, Sortzen eta Ikastolen Elkartearen ordezkariak ere izan dira prentsaurrekoan. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak azpimarratu du Nafarroa hegoaldean euskararen egoera "larria" dela eta, beraz, "Euskal Herri osoaren elkaratasunaren beharra" duela.
Maiatzaren 12tik 24ra, kontserba loteak
Maiatzaren 12tik 24ra Nafarroa hegoaldeko uzta eskutik eskura kanpainaren bigarren atala abiatuko dute. 65 bat herritan garatuko dute kanpaina, eta eskaerak herriotan zein Internet bidez egin ahal izango dira, Errigora.eus webgunearen bidez.
Urte guztirako beste kontserba lote eskatzea proposatu dute, "ekoizlearen jatorrizko prezioan eta euskaraz etiketatuta". Zazpi lote izango dira aukeran: zainzuriak, potxak, orburuak, barazki menestra, pikillo piperrak, kremak eta tomate frijitua. Produktuak jarriko dituzten ekoizleak ere zazpi izango dira: Amanaque (Andosilla), La Churta (Allo), Ebron (San Adrian), El Escolar (San Adrian), Iturri (Arroitz), Maria Jesus (Ablitas) eta Pedro Luis (Lodosa).