HEZKUNTZA

Werten dimisioa eskatu dute, hezkuntza "birzentralizatzeko" asmoengatik

Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wertek esan du ikasleak "merkatu globalean" lehiatuko direla, eta "ezagutza komunak" beharrezkoak direla. Isabel Zelaak eta ELAk Werten dimisioa eskatu dute. EH Bilduk hezkuntza sistema "nazional" bat aldarrikatu du.

2012ko irailaren 22a
17:25
Entzun

Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak "autogobernuari atentatua" egitea egotzi dio Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroari, eta haren dimisioa eskatu du: "Erakutsi du ez dela gai hezkuntza kudeatzeko". Zelaak "ideologia kontserbadorea" antzeman dio Werten proposamenari. ELA sindikatuak ere ministroaren dimisioa eskatu du, eta haren erreforma asmoei aurre egiteko eskatu die Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari: "Euskal Herriko erakundeen eskumenetan sartzen da erreforma, ez die erantzuten hezkuntza sistemaren beharrei, eta interes ekonomikoen eta ideologikoen mesedetan egin da".

EH Bilduk ere kritika egin dio Werten planteamenduari, eta hezkuntza sistema "nazional" bat aldarrikatu du. "Curriculuma erabakitzeko dugun aukera murritza oraindik gehiago murrizten du. Erreforma honekin, Euskal Herriaren errealitatea ezagutzea debekatu nahi dute. Gainera ikastetxeen autonomiari guztiz erasotzen dio, tokian toki egon daitezkeen beharrak ukatuz". Sistema pedagogikoa "atzerakoiagoa" izango dela uste du koalizioak, eta azterketa sistema "zentralizatu" bat ezartzeko asmoa salatu du, "selektibitateak dituen arazoak gehitu eta edukiak homogeneizatu" egingo dituelako.

Hezkuntza sistema erreformatzeko lege proposamenaren harira jasotako kritikei erantzun die gaur Wertek, Hernaniko Txillida Leku museora (Gipuzkoa) eginiko bisita batean. Wertek adierazi du bere asmoa ez dela heziketa Espainiako Gobernuaren esku uztea, baizik eta "sistemak behar duenera irekitzea". Gaineratu du "ezagutza komunak" izan behar dituztela ikasleek: "Ez dira euren herrikideekin, ondoko herrikoekin edo hirikoekin lehiatuko, merkatu globaletan baizik".

Werten proposamenaren alde egin du PPko EAEko buru Antonio Basagoitik: "Ongi dago hezkuntza nazionalak Euskadin pisu handiagoa izatea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.