Oposizioko alderdiek aurkeztutako hamaika osoko zuzenketak atzera bota, eta, PPren gehiengo absolutuari esker onartzeko bidean lehen urratsa egin du Espainiako Gobernuaren hezkuntza erreformak. UPNren babesa baino ez du jaso lege proiektuak. EAJk, Amaiurrek eta Geroa Baik berretsi dute euskal hezkuntza sistemaren aurkako erasoa dela egitasmoa, eta proposatutako neurriek ez dutela hezkuntzaren kalitatea hobetzeko balioko. Gainera, gogorarazi dute ez duela hezkuntza komunitatearen babesik. Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroak erreformaren beharra defendatu du, eta hiru helburu nagusi dituela nabarmendu: eskola porrotari nahiz eskola uzte goiztiarrari aurre egitea, gazteen langabezia gutxitzea, eta Europako Batasunak 2020ra begira hezkuntza alorrean ezarri dituen helburuak betetzea.
Werti «ezinbestekoa» iruditzen zaio erreforma. «Egungo sistema zaharkitua dago, oso zurruna eta uniformea da, eta gainera ez ditu nahiko genituzkeen emaitza akademikoak ahalbidetzen». Ukatu egin du lege proiektuak autonomia erkidegoen eskumenak urratzen dituela, eta baita euskararen, katalanaren eta galizieraren aurka egiten duela. «Euskadiren kasuan, adibidez, legeak ez du jasotzen han indarrean dauden hezkuntza ereduen aurkako ezer».
Proiektua «zorigaiztokoa» dela esan du Isabel Sanchez Robles EAJko diputatuak. «Hondamendi bat da. Ideologia pedagogiaren gainetik jartzen du, eta, gaitasunetan oinarritutako eredu bat proposatu beharrean, emaitzetan eta buruz ikastean oinarrituko den sistema bat proposatzen du».
Euskal Herriko errealitate sozialetik, pedagogikotik eta linguistikotik «oso urrun» dago Werten erreforma, Maite Aristegi Amaiurreko diputatuaren ustez. «Lege hau justifikatzeko gobernuak erabili dituen arrazoietako bakar bat ere ez da aplikagarria gurean. Ez eskola porrotaren ustezko estatistikak, ez DBH bukatu dutenena, ezta PISAko datuen ebaluazioa ere».
Geroa Baiko diputatu Uxue Barkosen arabera, hasieratik hartu zuen bide okerra Werten egitasmoak. «Ez dira saiatu oposizioko alderdiekin eta hezkuntza eragileekin adostasuna lortzen, eta adostasunik gabe ezinezkoa da hezkuntzaren kalitatea hobetzea».