Espainiako Hezkuntza ministro Jose Ignacio Wert bultzatzen ari den hezkuntza erreformaren aurkako mobilizazio eguna antolatu dute LAB, EILAS eta ELA sindikatuak larunbaterako. Protestak izango zirela iragarri zuten, eta Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan manifestazioak egitea erabaki dute.
17:30ean abiatuko dira martxak Iruñean —autobus geltokitik—, Bilbon —Jesusen Bihotza plazatik— eta Donostian —Bulebarretik—; 19:00etarako bilduko dira Gasteizen, Bilbo plazan. Euskal Herrian geure hezkuntza! leloa izango dute, eta, erreforma ez ezik, murrizketak ere salatuko dituzte.