hezkunTZA

Werten murrizketak betez gero, Hegoaldean lau mila irakasleren postuak galduko dira

LABek dio Espainiako Gobernuaren egitasmoak "erabateko erantzuna eta mobilizazioa" eskatzen duela. Madrilek ikasleak gehiago pilatzea eta eskola ordu gehiago jartzea nahi du. Jaurlaritzak dio gogor defendituko duela autogobernua, eta Nafarroako Gobernuak esan du Hezkuntza ministroaren neurriak bete beharrekoak direla.

2012ko apirilaren 17a
18:48
Entzun

Jose Ignacio Wert Espainiako Gobernuko Hezkuntza ministroak iragarritako murrizketak Hego Euskal Herrian beteko balira, lau mila irakasleren postuak galduko lirateke, LABen kalkuluen arabera. Sindikatuak dio horrek "erabateko erantzuna eta mobilizazioa" eskatzen duela.

Eusko Jaurlaritza aztertzen ari da neurriak legezko diren, eta Idoia Mendia bozeramaileak gaur esan du EAEko zerbitzu publikoak eta autogobernua gogor defendituko dituztela. Nafarroako Gobernuak onartu egin ditu Hezkuntza ministroaren neurriak, "bete beharrekoak direlako", Yolanda Barcina lehendakariak eguerdian adierazi duenez.

Wertek atzo esan zuenez, ikasleak gehiago pilatzea nahi du Espainiako Gobernuak, eta gaur egungo gehienezko mugak %20 handituko ditu. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehienez 30 ikasle egon ahal izango dira talde bakoitzean derrigorrezko irakats aldi osoan. 

Madrilek eskola ordu gehiago jarriko dizkie irakasleei. Institutuetan hogei ordu jarri nahi dizkie, eta Lehen Hezkuntzan 25. Irailean Nafarroako institutuetan ordubete gehiago jarrita, 235 irakasle kaleratu zituzten, sindikatuen arabera —gobernuak erdiak inguru onartu zituen—. Oraingoa murrizketa handiagoa da.

Irakasle bat gaixotzen bada, ikasgai horretako maisu-maistrarik gabe geratuko dira ikasleak bi astean. Lehen hamar egunetan ordezkapenik ez egiteko agindu dute; ordezkorik ezean, eskolako beste irakasleek izango dute ardura. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.