Maiatzaren 27an izan ziren foru hauteskundeak eta gaur, bi hilabetera hautatu dute Arabako ahaldun nagusia: Xabier Agirre (EAJ). Bere alderdiaren eta EAren babesa jaso du, eta gehiengo soilarekin irabazi du bozketa, bigarren itzulian. EAJk eta EAk 16 boto lortu dituzte 51tik. Txarli Prieto PSE-Eekoak 15 boto jaso ditu, sozialistenak 14 eta Ezker Batuarenak 1. Javier de Andres PPko hautagaiak bere alderdiaren 15ak jaso ditu, eta Aitor Bezaresek EAE-ANVren lauak. Aralar abstenitu egin da.
Lehen bozketan, Javier de Andres (PP), Txarli Prieto (PSE-EE), Xabier Agirre (EAJ) eta Aitor Bezares (EAE-ANV) hautagaiek ez dute gehiengo osorik lortu (26 boto), eta bigarrengoa zen erabakigarria, beraz. Gehiengo sinplearekin irabazten zuena, ahaldun nagusi. PPk hauteskundeetan 15 batzarkide lortu zituen, PSE-EEk eta EAJk 14na (PSE-EEk, baina, boto gehiago jaso zituen, eta gaur bien arteko berdinketa kasuan, sozialistak irabazle), eta EAE-ANVk 4.
Goizean baieztatu denez, alderdi horietako batzarkideek euren hautagaiari bozkatzeko erabakia hartua zuten. Inork gehiengo osorik ez, hortaz. EBk (batzarkide bat) goizeko saioan esan du bozketaren lehen itzulian PSE-EEk eta EAJk ez bazuten akordioa lortzen, bigarrengoan Prieto babestuko zuela; 15 botorekin zen kasu horretan, hautagai sozialista. EAk iragarria zuen bere bi botoak Agirreri emango zizkiola; EAJk 16 boto, beraz. Beste inoren babesik gabe, PPk 15.
Gauzak horrela, Aralarren batzarkide bakarra izan zitekeen erabakigarria: Iñaki Aldekoa. Goizeko saioan PSE-EEri eta EAJri ados jartzeko eskatu die hark. Akordio hori ez balego, ordea, ez du argitu zein babestuko zuen bigarren bozketan. Ikusteko zegoen, halaber, zer egiten zuen EAE-ANVk azkenean.
Azkenean, Aralar abstenitu egin da, eta Arabako Batzar Nagusiek Xabier Agirre hautatu dute 2007-2011 legealdirako ahaldun nagusi. EAE-ANVk bere hautagaia bozkatu du.
1999tik 2007ra Ramon Rabanera PPko kidea izan da Arabako ahaldun nagusia.
Gipuzkoan eta Bizkaian aurreko asteetan erabaki zituzten ahaldun nagusiak: Markel Olano EAJko kidea Gipuzkoan (EAren babesarekin) eta Jose Luis Bilbao EAJkoa Bizkaian, biak gehiengo osorik gabe.
Nafarroako Parlamentuan oraindik erabaki gabe daude gauzak, eta Elena Torres Parlamentuko presidenteak abuztuaren 18ra arteko epea eman die erakundean ordezkatuta dauden alderdiei Gobernuaren lehendakaria aukeratzeko; bestela, hauteskunde berriak egingo dituzte.
Xabier Agirre, Arabako ahaldun nagusi
EAJko kideak bere alderdiaren eta EAren babesa jaso du gaur, bozketaren bigarren itzulian. Gehiengo sinplearekin gobernatuko du. PSE-EEko Txarli Prietok sozialisten eta Ezker Batuaren babesa ez du nahikoa izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu