Euskararen Nafar Institutuak badu dagoeneko zuzendaria: Xabier Azanza. Gaur jakinarazi du Nafarroako Gobernuak, Carlos Perez Nievas Hezkuntza kontseilariaren bitartez. Perez Nievasek duela hiru hilabete eman zuen institutuaren sorreraren berri, baina orain arte ez dute zuzendaririk izan. Duela aste batzuk Mikel Aranburuk esan zuen bera izango zela kargu horretan, baina Gobernuak gezurtatu egin zuen albistea.
Erakundea Nafarroako Gobernuaren hizkuntz politika garatzeko asmoz sortu zuten, eta hori zuzentzeko euskal kulturaren munduko norbait izendatuko zuela jakinarazi zuen kontseilariak. Geroztik hainbat laguni eskaini zien postua, baina aldi oro erantzuna ezezkoa izan zen.
Azanza (Bilbo, 1964) 2002tik Nafarroako Ikastolen Federazioaren lehendakaria izan da, Zuzenbidean lizentziatua da, eta 2002tik Mondragon Korporazio Kooperatiban Jangarria enpresaren giza baliabideetako zuzendari postuan egon da.
Nafarroan euskararen arloan gaur egun dagoen zonifikazioarekin jokatu behar dela esan du Azanzak gaur -hiru zonatan banatua dago herrialdea: ofiziala, mixtoa eta ez-ofiziala-, "aldaketa sakonik ez" dutela egingo, baina "legearen barruan aurrerapausoak" eman daitezkeela uste du, "aukerak badaudelako". Perez Nievasek postua eskaintzean aipatu zionarekin "ados" azaldu zen; hots, "euskara despolitizatu" egin behar dela. Horregatik ez ezik, "euskara maite" duelako ere onartu du zuzendari izatea.
Joan den urrian Vianan Nafarroa Oinez izan zenean egin zuen Azanzak jendaurreko bere azkeneko ekitaldietakoa. "Erentzun Ikastola txikia da, eta Nafarroako eremu ez-euskaldunean. Horrek jende gehiago erakartzea espero dugu", esan zuen bezperatan.
Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzaren Hizkunz Politikaren sailburuordeak duela hilabete batzuk esan zuen Euskararen Nafar Institutuaren zuzendaria nor izango zen jakin orduko, Nafarroako Gobernuari bi erkidegoen artean euskara lankidetza eskainiko ziola. Perez Nievasek, baina, EAErekin hizkuntza mailan harremanik ez duela nahi erantzun zuen orain aste batzuk.
Euskara
Xabier Azanza izendatu dute Euskararen Nafar Institutuaren zuzendari
2002tik Nafarroako Ikastolen Federazioaren lehendakaria izan da. Gaurko markoarekin jokatu behar dela uste du, baina "aurrerapausoak" eman daitezkeela. Gobernuak hiru hilabete behar izan ditu zuzendaria lortzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu