"Terrorismoa goratzea" egotzi zion Auzitegi Nazionalak Xabier Bidaurreri (Galdakao, Bizkaia), eta urtebeteko kartzela zigorra betetzera kondenatu zuen: arrazoia, 2010eko irailean Galdakaoko festetan presoen argazkiak zeramatzaten pankartak egin eta erakustea. Ustez, pankartetan Bidaurreren hatz markak aurkitu zituzten, eta horregatik zigortu zuen Auzitegi Nazionalak, baina Gorenaren ustez, hori ez da Bidaurre atxilotzeko nahikoa arrazoi, eta in dubio pro reo irizpidea aplikatu du (zalantzarik balego, akusatuaren alde).
Gorenaren ustez, hatz marken zantzuak ezin du eragin, bere kabuz, zigorra determinatzerako orduan: "Ez du zantzu bakar batek derrigor behar lukeen irmotasuna". Horrez gain, Gorenak adierazi du ez dagoela inongo lekukotzarik Bidaurre pankartak sortzen edo paretetan jartzen ibili zela esaten duenik. Gorenak gehitu du ertzainek aurkeztutako lekukotzek ez dutela "bestelako ondoriorik ateratzeko biderik" eman.
Urtarrilean emandako sententzian, Auzitegi Nazionalak baieztatu zuen ezin zela egiaztatu Bidaurrek pankarten testua idatzi ote zuen edo ez, baina bai horiek egiten eta erakusten parte hartu zuela, haren hatz markak zinta itsaskorrean eta kartelen kartoian agertu zelako. Nahiz eta ez zegoen modurik egiaztatzeko testua Bidaurrek idatzi zuela, Auzitegi Nazionalak baieztatu zuen pankartak egiten parte hartu izana arrazoi nahikoa zela Bidaurrek "terrorismoa" goratu zuela ebazteko.