euskal presoak

Xabier Etxeberria presoa absolbitu dute, epaileek inkomunikazio garaiko deklarazioak baztertu ostean

Luis Mariñelarenak eta Roberto Lebrerok epaiketan esan zuten hark ez zuela parte hartu Lakuntzako atentatuan. Fiskalak ETAren eraso hartan parte hartu izana egotzi zion Etxeberriari, beste biek atxiloaldian egindako deklarazioetan oinarrituz. Presoa arratsaldeko zazpiak aldera geratu da libre, eta goizeko ordubiak aldera lehen harrera egingo diote Azpeitian, Orkatzen.

2011ko urriaren 6a
21:28
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin du Xabier Etxeberria Jauregi presoa (Azpeitia, 1975), ETAk Lakuntzako dantzalekuaren kontra egindako atentatuan ez zuelakoan parte hartu. Manuela Fernandez, Nicolas Poveda eta Ramon Saez Valcarcel epaileek ez dituzte kontuan hartu inkomunikazio garaiko deklarazioak. Aldiz, Luis Mariñelarenari eta Roberto Lebrerori kartzela zigorra jarri diete, 25na urtekoa. Gaur atera dute autoa.  

Joan den irailaren 29an izan zen hiruren aurkako epaiketa, eta Mariñelarenak eta Lebrerok esan zuten Etxeberriak ez zuela hartu parte erasoan, baizik eta biekin batera beste batek —ez zuten zehaztu nork—. Fiskaltzak, ordea, Mariñelarenak eta Lebrerok atxiloaldian Espainiako Poliziaren aurrean egindako deklarazioetan oinarritu zuen Etxeberriaren aurkako akusazioa: atentatuan parte hartu zuela —38 urteko kartzela eskaera—. Aipatutako biek epaiketan zioten inkomunikazio aldian eta torturapean egindako deklarazioak izan zirela. Epaileek aintzat hartu dute hori, aitortu baitute ezin dela frogatu Etxeberriak parte hartu zuela, eta aske laga dute.

Arratsaldean geratu da libre; lehen harrera, goizeko ordubiak aldera Azpeitian

Hain zuzen, Etxeberria arratsaldeko zazpiak aldera geratu da libre, eta bihar goizeko ordubiak aldera lehen harrera egingo diote Azpeitian, Orkatz kultur elkartean.

ETAk 2001eko irailaren 27an jarri zuen lehergailua Lakuntzako Universal diskotekan, eta kalte material handiak eragin zituen.

2003ko urtarrilean atxilotu zuten Etxeberria, Frantzian, ETAko kidetzat jota. Horregatik epaitu eta zigortu egin zuten, 2004an. Frantziako zigorra bete ostean, 2009ko maiatzean Espainiaratu egin zuten, eta ordutik preso behin-behinean zegoen —Teruelgo kartzelan (Espainia) zeukaten; epaiketa dela-eta Madrilgo espetxe batera eramana zuten—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.