Martxoaren 13an odol isuria izan zuen burmuinean, eta ebakuntza egin zioten. BERRIAk jakin ahal izan zuenez, ostegunean egoera okertu zen, eta Zainketa Intentsiboen Unitatean sartu zuten.
Familiakoek astebete geroago jakin zuten arren, martxoaren 11n eraman zuten presoa erietxera Fleury-Merogis espetxetik (Paris). Etxerat-ek jakinarazi zuenez, gaitz kardiobaskularrak zituen, eta egun horretan bihotzekoak eman zion. Corbeil-Essonnesko erietxera eraman zuten aurrena, baina "zailtasunak" izan ostean, erietxez aldatu zuten martxoaren 13an, eta Pitie-Salpetriereko ospitalera eraman zuten. Ebakuntza bat egin zioten han.
2006-2007an Espainiako Gobernuaren eta ETAren artean izan ziren negoziazioetan parte hartu zuen Lopez Peñak. 2008ko maiatzean atxilotu zuten, negoziazio mahaia apurtu ostean.
"Senideekiko desinformazioa"
Etxerat-ek ohar baten bidez salatu du espetxearen aldetik izandako "isilpekotasuna eta bere senideekiko desinformazioa". Lopez Peñaren "gaixotzea, ospitalizatzea eta heriotza isilpetu" dituztela adierazi du. "Bisitak burutzea ere atzeratu eta oztopatzea ere gertatu izan da bere osasun egoera kritikoa izanda ere", gaineratu du elkarteak.
Maribi Ugarteburu ezker abertzaleko kideak Twitter bidez azaldu duenez, "hil eta gero ere familiari ez diote uzten gorpua ikusten".