"Gipuzkoako aldaketa lideratzen jarraituko duen ekipoa" aurkeztu du gaur goizean Xabier Olano EH Bilduko Gipuzkoako zerrendaburuak. Izen berriak eta lehenagotik ere ardura politikoak dituzten izen-abizenak baitaude zerrendan. Besteak beste, Maite Sarasua, Lohitzune Txarola edota Ander Rodriguez.
Olanok esan duenez, "250 neurri berri baino gehiago" dituzte gipuzkoarrei eskaintzeko, baina lehentasunezkoak lau lan ildo direla nabarmendu du: krisiaren ondorio "latzei" aurre egiteko gizarte politiketan inbertitzea; enplegu "duina eta iraunkorra" sortzea; diru publikoa gardentasunez kudeatzea eta "fiskalitate ekitatibo, progresibo eta pribilegiorik gabekoa" ezartzea; eta, Gipuzkoaren berreuskalduntzea.
EAJ kritikatu du Olanok, hainbat politiketan "martxatrasa" sartu nahi duelako. Hala ere, etsaia bainoago, arerio dela esan du: "Gipuzkoarren gehiengoak ez du ulertzen erabakitze eskubidearen alde egiten dugun bi indar politiko elkarren etsai izatea".