'Egunkaria auzia'

Xabier Oleaga: "Arrazoi politikoengatik jendea espetxeratzeko tresna da lege antiterrorista"

Atzo iluntzeko bederatzi eta erdietan Navalcarneroko espetxetik atera ostean, etxean da Xabier Oleaga 'Egunkaria'-ren aurkako operazioan atxilotu eta orain arte espetxean egon dena. 'Egunkaria'-ren aurkako operazioaren atzean "beste gauza batzuk" daudela adierazi dio Euskadi Irratiari.

2003ko azaroaren 4a
12:43
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epaileak eman dituenak argudioak ez, baizik eta "beste arrazoi batzuk" ikusten ditu Oleagak 'Egunkaria'-ren aurkako operazioan: "Nik uste dut 'Egunkaria'-ren aurkako operazioaren atzean beste gauza batzuk daudela; beste arrazoi batzuk. Esan nahi dut, lege antiterrorista deitzen den hori arrazoi politikoengatik jendea kartzelan sartzeko tresna dela. Tresna hori oso modu espekulatibo eta mingarrian erabiltzen dute", adierazi dio Euskadi Irratiari.

Atzo gauean espetxetik atera bezain laster 'Berria'-ri adierazi zionez, sentimendu gazi-gozoak zituen une horretan: "Une gazi-gozoak dira. Pozik egon beharko nuke aske naizelako, eta pozik naiz, baina aldi berean oso minduta ere banago Iñaki Uriak eta Xabier Alegriak kartzelan jarraitzen dutelako", esan zuen.

Izan ere, 30.000 euroko bermea ordainduta atera da espetxetik Oleaga. Alegriari 50.000 euroko bermea ezarri zion Del Olmo epaileak, baina ez du ordaindu, Udalbitza auziagatik espetxean jarraitu beharko duelako. Iñaki Uriari baldintzapeko askatasuna ukatu egin zion, berriz, epaileak.

Oleagari pasaportea kendu diote, eta egunero Guardia Zibilaren Donostiako Komandantzian aurkeztu beharko du bere burua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.