Espainiako Guardia Zibilak Xabier Sagardoi Xapo Barañaingo gaztea atxilotu zuen atzo arratsaldean. Sorladan atzeman dute, Lizarratik hogei bat kilometrora. Bi hilabete eman ditu gordeta, Auzitegi Gorenak haren eta Luis Goñiren aurkako sei urteko espetxe zigorra berretsi ondoren. Herri harresiaren dinamikan parte hartu gabe, kartzela saihesteko asmoa azaldu zuen Sagardoik iragan asteazkenean, Gara egunkarira igorritako gutun batean.
Elkartasun mezu ugari zabaldu ziren sare sozialetan Sagardoiren atxiloketaren berri izan eta gero. Halaber, Sagardoi eta Goñiren askatasuna aldarrikatzeko, manifestazio batera deitu dute datorren larunbaterako. Iruñeko Golem aretoetatik abiatuko da martxa, eguerdian. Irailaren 21ean, berriz, ehunka lagunek giza kate bat osatu zuten bi gazteei elkartasuna adierazteko.
Xabier Sagardoi 2008ko abuztuan atxilotu zuten Maider Caminos, Mikel Jimenez, Luis Goñi eta Aritz Azkonarekin batera. Behin-behinean espetxean egon ostean, Auzitegi Nazionaleko epaileak bostei sei urteko espetxe zigorra ezarri zien. Hala ere, helegitea aurkeztu zuten Espainiako Auzitegi Gorenean. Horri esker, Caminos, Jimenez eta Azkona kargurik gabe gelditu ziren. Baina Sagardoiri eta Goñiri seina urteko espetxe zigorra berretsi zien. Joan den uztailaren 23an izan zuten epai horren berri, eta ordutik zegoen ezkutatuta.