Egin egunkariko zuzendari Xabier Salutregi (Ea, Bizkaia) libre utzi dute, osasun arazoengatik epaileak ezarritako 6.000 euroko bermea ordaindu ondotik. Gaur arrastirian atera da Soto del Real espetxetik. 18/98+ makrosumarioan zigortu zuten iaz, Orain enpresaren azpiatalean.
Juan Pablo Dieguez (Bermeo, Bizkaia) 18/98 auziko kidea ere aske geratuko da, sei mila euroko bermea ordainduta, haren alaba Bittori Dieguezek Busturialdeko Hitza-ri gaur goizean esan dionez. "Ordainketa egin dugu eta horren agiria Bilboko epaitegitik bota behar dugu Auzitegi Nazionalera, faxez. Agiria Madrilera 14:00ak baino lehen heltzen bada, gaur arratsaldean askatuko dute aita".
Dieguez 18/98 auzian enpresen atalean epaitu zuten. ETAko kide izatea leporatuta, 11 urteko kartzela zigorra ezarri zion Angela Murillo Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Azaroaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Bermeon. Gaur egun Valladolideko (Espainia) kartzelan dute preso.
Xabier Salutregi auzipetua ere aske geratuko zela jakin zen atzo, "osasun arazoengatik", Auzitegi Nazionaleko iturriek esan dutenez. Gaur utziko du kartzela, sei mila euroko bermea ordainduta. Egin egunkariko zuzendari ohia aske uzteko erabakiaren berri atzo eman zuen Auzitegi Nazionalak, eta familiak gaur bertan ordainduko bermea. 2007ko azaroaren 30ean atxilotu zuten; Espainiako poliziak atxiki zuen, Donostian. Epaileak hamabi urteko zigorra jarri zion.
Espetxeratu zutenetik, Soto del Real (Madril, Espainia), Alcala-Meco (Madril, Espainia) eta Valencia II (Herrialde Katalanak) kartzeletan egon da Salutregi.
Dieguez eta Salutregi baino lehen, azkeneko egunetan beste hiru lagun ere utzi ditu aske Auzitegi Nazionalak. Orain bi aste aske utzi zituen Ekin azpiatalean zigortutako Juan Mari Mendizabal (Elgoibar, Gipuzkoa) eta Joxemi Zumalabe Fundazioa azpiatalean zigortutako Olatz Altuna (Usurbil, Gipuzkoa). Astelehenean, berriz, Xaki azpiatalean zigortutako Elena Beloki (Laudio, Araba) askatu zuten. Guztiei sei mila euroko bermea ezarri zien epaitegiak.
18/98 makrosumarioan 47 lagun zigortu eta guztira 527 urteko kartzela zigorrak agindu zituen Espainiako Auzitegi Nazionalak. Auzitegi Gorenak ez du oraindik epai irmoa eman.
18/98 auzia
Xabier Salutregi 'Egin'-eko zuzendaria aske utzi dute, 6.000 euroko bermea ordainduta
18/98+ makrosumarioan ere zigortutako Juan Pablo Dieguez aurki da kalera ateratzekoa, berme berdina pagatutakoan. Azkeneko bi asteetan auziko beste hiru lagun utzi dituzte libre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu