Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko presidenteorde eta Barne ministroaren esanetan, legezko bi alderdiren arteko koalizioa da Bildu, Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren artekoa. Hala ere, hauteskundeetarako aurkezten dituen zerrendak «xehe-xehe» aztertuko dituela esan du Rubalcabak. Koalizioak Alderdien Legea betetzen duela eta «iruzurrik» egiten ez duela ziurtatzeko zorrotz ikertuko duela.
Ezker abertzaleari buruz ere mintzatu da Rubalcaba SER irrati kateari emandako elkarrizketa batean; ETArekin «hautsi» duela agerikoa dela adierazi du, baina «haustura hori bururaino eraman» behar duela.
Gogorrago aritu da Jose Antonio Alonso, PSOEk Espainiako Kongresuan duen bozeramailea: Espainiako Gobernuak «ETA-Batasuna konplexuaren aurka borrokatzen jarraituko du azken zirrikuturaino, Bildu deitu edo beste edonola deitu». Horretarako, estatuko segurtasun indarren ikerketa eta txostenak oinarri hartuta, «ilegalitasunen bila» jarraituko duela esan du.
Idoia Mendia Jaurlaritzako bozeramaileak ere, lege iruzurrik egon ez dadin lan egiteko eskatu die Espainiako botereei. Hauteskunde zerrendak aztertu eta susmoen berri ematea Barne Ministerioari dagokiola esan du, eta horrek Fiskaltzaren bidez eraman behar lukeela gaia auzitara.
Iñigo Urkullu EAJko EBBko presidentearen ustez, Bilduren sustatzaileekesan arren koalizioa ez dela «ezker abertzalearen B plana», «nahasmena» eragin dezake osaerak.
EAJko buruaren esanetan, jakina zen halako zerbait sortuko zela, «duela urte batzuk definitutako estrategiari» jarraitzen baitio. Hainbat alderdi eta eragilek urteetan landutako «polo subiranistaren emaitza» da Bildu, Urkulluren hitzetan. Koalizio gisa ezagutarazi izana aurretik landutakoa «ikusaraztea» besterik ez dela izan adierazi du.
Bildu legezko diren bi alderdik osatu dutela azaldu du, eta, beraz, ez lukeela ulertuko Barne Ministerioak horren zerrendak ikertzea, «duela lau urteko jokalekura itzuli eta berriz Alderdien Legearen irakurketa arbitrarioa egitea». Normalizaziorako bidean legeztatzeak berebiziko garrantzia duela ohartarazi du, gainera.
Sortu hauteskundeen aurretik ez dela legezko izango agerikoa dela esan du Joseba Egibar EAJko GBBko presidenteak, baina gerora izango dela seguru dagoela. Bildu «beste aukera bat» dela adierazi du; EAk eta Alternatibak osatu dutela, beraz legezkoa izan behar duela eta zerrenda eta programa bateratuak osatzea izango dela zailena.
«Xehe-xehe» aztertuko dituzte Bilduren zerrendak
Rubalcabak dio koalizioa legezko alderdiek osatu arren hautagaiak ikertuko dituztela iruzurra saihesteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu