genero indarkeria

Yasmin Rodriguezen hilketaren erruduntzat jo dute senar ohia

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko herri epaimahaiak Juan Pablo Urtizberea hil nahi izana ere egotzi dio. 2009an izan ziren erasoak, Irunen.

2012ko otsailaren 2a
16:29
Entzun

Gipuzkoako Probintzia Auzitegiko herri epaimahaiak Yasmin Rodriguezen hilketaren erruduntzat jo du haren senar ohia. Gaur arratsaldean jakinarazi du epaia. Fiskalak 50 urteko espetxe zigorra eskatu zuen akusatuarentzat; geroago jakingo da epaimahaiaren zigorra.

2009ko maiatzaren 9ko goizaldean hil zuten Rodriguez, Irunen. Gizona eta biak ezkonduta egonak ziren, baina banatuta zeuden ordurako. Fiskaltzak aurkeztutako txostenean adierazi zuen gizonak etengabe jazartzen ziola andreari.

2009ko egun hartan lagun batzuekin dantzaleku batera joana zen emakumea, eta, atera zirenean, atarian zain zeukaten haren bikotekide ohia. Rodriguez autoan etxera bidean zela, atzetik segitu zion gizonak, eta istripua eragin zuen. Autotik atera, eta labankadak eman zizkion emakumeari, epaiak dioenez.

Parean tokatu zen herritar bat: Juan Pablo Urtizberea. Motoan zihoan, eta geratu egin zen, andreari laguntzeko asmoarekin. Hari ere eraso egin zion Rodriguezen bikotekide ohiak, eta hura hil nahi izana egotzi dio epaimahaiak.

Rodriguezen alabak 46 urteko espetxe zigorra eskatu zuen auzipetuarentzat. Urtizbereak, 44 urtekoa. Herri akusazioen eskariak ere bertsuak izan dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.