Etxerat-ek adierazi duenez, Gorka Zabala eta Josu Esparza aske gelditu dira gaur iluntzean, dagokien bermea ordainduta. Zabalak 10.000 euroko bermea ordaindu du, eta Esparzak, 50.000 eurokoa.
Zabala 2011n atxilotu zuen Guardia Zibilak, Ekineko kide izatea egotzita, eta espetxera bidali zuen Fernando Grande-Marlaska epaileak. Urte hasieran Iruñerrian egindako polizia operazio horretatik ihes egitea lortu zuen Josu Esparzak, baina hilabete batzuetara Frantziako Poliziak atxilotu zuen, Baionan, etxera sartzear zela. Espainiako Auzitegi Nazionalak haren aurkako euroagindua eskatu zuen, Ekinekoa zela egotzita, eta geroago beste euroagindu bat, duela bi urte Korrikan presoen aldeko kartel bat erakusteagatik. Paueko Auzitegiak Espainiaratzea erabaki zuen, eta kartzelara bidali zuen Grande-Marlaskak.