Kultura

Zabaldu dute Durangoko Azoka

Inaugurazio ekitaldia 19:00etan izango den arren, 10:30ean ireki dituzte Landako guneko ateak. Ordurako prest izango dira liburuen eta diskoen saltokiak.

2007ko abenduaren 5a
12:25
Entzun
Irune Berro

Gaur zabaldu dute Durangoko Azoka, 10:30ean, nobedade andanarekin. Eta, urtero legez, jendez beteko da goizean goizetik. Laneguna denez gero, ziur asko, eskolako umeak izango dira, batik bat, gaur azokan, Euskal Herriko punta batetik zein bestetik etorritakoak. Halaxe izaten da urtero: gaztetxoekin hasten da bost eguneko feria.

Inaugurazio ekitaldi ofiziala, ordea, 19:00etan egingo dute, Elkartegian. Gerediaga elkarte antolatzaileko kideez gainera, politika, kultura eta euskalgintza arloetako ordezkariak batuko ditu ekitaldiak. Durangoko 42. Euskal Liburu eta Disko Azokako sarrera hitzaldia Andoni Agirregomezkorta aktoreak egingo du.

Izan ere, aurten umorea izango du ardatz azokak. Jon Irazabal azokako zuzendariaren iritziz, «umoreak leku gutxi dauka gaur egun», eta haren esanetan, «behar-beharrezkoa dugu». Hori dela eta, Gerediaga elkartekoek umorea gogoan izan nahi dute azokaren bost egunetan, «umorerik gabeko herria gorringorik gabeko arrautza delako», Irazabalen arabera.

Argizaiola saria Ipar Euskal Herriko elkarte bati emango diote lehen aldiz Durangoko Azokan: Maiatzi, hain zuzen. Sariarekin, «Maiatzek euskararen alde musu truk egindako lan garrantzitsua» nabarmendu nahi du Gerediaga elkarteak. «Iparraldean laguntza gutxiago dute, gainera, eta meritu handia da hainbeste urtetan argitaletxe txikia mantentzea», azaldu du Irazabalek.

Argizaiola saria emateko ekitaldia larunbatean egingo dute, San Agustin kulturgunean, 20:30ean. Aurten 25 urte bete ditu Maiatz aldizkariak.1982an sortu zuten, eta hilabete gutxira ekarri zuten Durangoko Azokara. Harrezkero, ez du inoiz hutsik egin, argitalpena azokan izan da urtero.

Jende pilaketarik ez izateko, iaz baino erakusmahai gutxiago jarriko dituzte aurten: 317, zehatz-mehatz. 161 parte-hartzaile izango ditu azokak, eta denen artean, iaz baino 194 lan gehiago ekarriko dituzte; 554 ekoizpen berri guztira: 395 liburu, 74 disko, 11 partitura, 18 aldizkari, 23 bideo-DVD, 9 argitalpen elektroniko eta bestelako 24 lan. Aurten, gainera, Egunkariaren Aldeko Elkarteak erakusmahaia jarriko du, auziaren berri emateko. Baita 18/98+ lan taldeak ere.

Georgiako literatura

Georgia izango da herri gonbidatua. Euskal Idazleen Elkarteak eta Gerediaga elkarteak gonbidatuta, David Turashvili eta David Makradze idazle georgiarrak izango dira azokan.

Hasieran, Nugzar Tsiklauri eta Tamar Ebralidze ziren etortzekoak, baina Georgiatik ateratzeko bisarekin arazoak izan dituzte, eta haien ordez, Turashvilik eta Makradzek parte hartuko dute azokan. Georgiako literaturari buruzko hitzaldia emango dute hilaren 8an.

Horretaz gain, liburu aurkezpenak, literatur errezitaldiak, musika emanaldiak eta bestelako ekitaldiak izango dira Durangon, gaurtik igandera. Omenaldiak ere bai. Esate baterako, Eva Forest idazle eta argitaratzailea, Jesus Atxa euskaltzalea eta Gerediagako Salvador Solaegi omenduko dituzte azokan. Aurten hil dira eta ekitaldi xume batean gogoratuko dituzte etzi, Elkartegian. Irakurketa batzuk eskainiko dizkiete, eta haien lanaz mintzatuko dira.

Hori, ordea, ez da izango azokaren testuinguruan egingo den omenaldi bakarra. Bihar Joseba Sarrionandia gogoratuko dute zenbait sortzailek. Erbestean den idazlearen senideei omenaldia egingo diete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.