Azpiegiturak

Zabaldu dute Endarlatsako errepide berria, Gipuzkoa eta Nafarroaren arteko "lotura sakontzeko"

Irundik Berarako tarteak bi tunel dauzka eta Endarlatsa parean 190 metroko zubia eraiki dute. Errepide zaharrean maiz gertatzen ziren istripuak. Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakariak inauguratu dute.

2009ko ekainaren 26a
17:12
Entzun
Irundik (Gipuzkoa) Endarlatsatik barrena Berarako (Nafarroa) N-121 errepidean urteetan lagun asko hil izan dira istripuetan -2005ean, adibidez, hamalau-, eta han inguruko herritarrek bidea hobetzeko eskaerak egin zituzten maiz. Hobetu dute, eta gaur eguerdian zabaldu dute. Han izan dira Markel Olano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko lehendakaria.

Olanok adierazi du bi herrialdeak "anaiak" direla, eta bien arteko "harremana sakondu" egin behar dela "arlo ekonomiko, sozial, kultural eta linguistikoan". Sanz ere harremanari eustearen alde agertu da, "ezin dugulako bizkarra emanda bizi".

Lanek 75,8 milioi euroko aurreontua eduki dute. Horietatik 51,8 milioi Gipuzkoako Foru Aldundiak jarri ditu, beste dena Nafarroako Gobernuak.

9,1 kilometroko errepidea da; berria %60ean. Hiru lerro ditu zati gehienean. Bi tunel dauzka: bata 477 metrokoa -Lamiarrin- eta bestea 105ekoa -Intxaurretan-. Horrez gain, lau biadukto ditu, 98 metrokoak gehienak. Endarlatsa parean 190 metroko zubia eraiki dute.

Egunean 11.000 ibilgailu pasatzen dira Nafarroaren eta Gipuzkoaren arteko muga egiten duen errepidean -haietatik hiru mila kamioiak izan ohi dira-, eta orain bidea seguruago izatea espero dute. 2007ko apirilean hasi zituzten lanak.

Nafarroari dagozkion beste bi zatiak uda bukaerarako amaitzea aurreikusi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.