Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak gaur esan du Amaiurrek dagokiolako izango duela talde propioa Kongresuan, eta ez duela amarruetara joko "UPDk eta UPNk egin duten moduan". UPDk Foro Asturias alderdiaren parlamentari bati esker izango du talde propioa, eta UPNk PPrekin hitzartu zuen zerrendako lehen parlamentaria talde mistoan izatea, Zabaletak azaldu duenez.
Aralarren Nafarroako batzarrean hitz egin du Zabaletak, eta kazetariei Kongresuaren batzorde juridikoak ostegunean idatzi zuen txostenaren kopia erakutsi du, "sinadurarik gabekoa, datarik gabekoa eta Kongresuaren zigilurik gabekoa". Zabaletaren hitzetan "lotsagarria" da Kongresuko mahaiak koalizioari talde propioa edukitzea ukatu izana.
Amaiurrek atzo aurkeztu zuen erabaki horren aurkako helegitea eta Aralarreko koordinatzaileak esan du modu zorrotzean argudiatuta dagoela. Ukatu egin du, gainera, Aralarreko inork Uxue Barkosei deitu dionik talde propioa osatzeko babestu ditzan.