Politika

Zabaleta: "Euskal Herria Bai koalizioa proiektu zaila da, baina itxaropentsua"

Patxi Zabaleta Aralar alderdiko koordinatzaile nagusiaren ustez, EAJ, EA, Batasuna, Batzarre, Zutik eta Aralar Europako Parlamenturako hauteskundeetara elkarrekin joateko proiektua "proiektu zaila da, baina itxaropentsua". Aralarrek atzo goizean egin zien alderdi abertzaleei 'Euskal Herria Bai' koalizioa osatzeko gonbita Euskal Herriaren ahotsa Europan entzuna izan dadin. "Proposamena serio azter dezaten eskatzen diegu. Zaila da haiek baiezkoa ematea, baina guk gauzak zailak jarriko dizkiegu ezezkoa emateko", nabarmendu du Zabaletak ETB-2ko 'El Punto' saioan eskaini duen elkarrizketan. Halaber, ETAren su-etenaren aurreko garaia bizi duela Euskal Herriak azpimarratu du.

2004ko martxoaren 25a
15:20
Entzun
Patxi Zabaletaren arabera, proiektu hori egi bihurtzea "posible" da, "nahiz eta jakin proiektu berritzaile guztiak zailak direla jakin". EAJ, CIU eta BNGrekin eta EA ERCrekin harremanetan daudela gogorarazi dio kazetariak Zabaletari, eta horrek jakitun dela erantzun badio ere, "gutxienez aztertu eta serio hartu" beharko luketela nabarmendu du. "Zaila da haiek baiezkoa ematea, baina guk gauzak zailak jarriko dizkiegu ezezkoa emateko", gaineratu du Aralarreko koordinatzaile nagusiak. Halaber, Batasunak bizi duen legez kanpoko egoerari koalizio horretan irtenbidea bilatzeko aukerak daudela nabarmendu du.

Nafarroa eta euskara

Nafarroako Parlamentuan euskarari buruzko ponentzia bat onartu dela gogoratu du Zabaletak, euskarari buruzko gaiak eztabaidatu eta aztertzeko. UPNk ponentzia horren aldeko botoa eman zuela azpimarratu du, eta hiru bide zabaldu direla. "Bata, euskarari buruz hitz egiteko aukera zabaldu dugu; bigarrena, adostasunetara iristeko aukera dugu eta hirugarrena, bakoitzak egin nahi dituen ponentzia guztiei ateak zabaldu dizkiogu", azpimarratu du Zabaletak. Aralarreko buruak gogoratu du UPN-CDN bikoak Nafarroako erakundeak kontrolatzen dituela, baina azken hauteskundeetan botoen %35a besterik ez dutela lortu.

M-11ren ondorenak

Martxoaren 11n Madrilen izandako sarraskiaren ondoren sortu den erantzunak ETAri hausnarketa egiteko bidea ireki ote zaion galdetzerakoan, ETAk su-etena eman beharra daukala azpimarratu du, "elkarrizketari bidea emateko". "Ez da etorkizunean oraingoa baino aukera hoberik suertatuko. ETAren su-etenaren aurreko garaia bizi dugu", zehaztu du.

Zapateroren garaia

Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidente berri izendatu dutenak "garai politiko interesgarrian" hartu duela boterea adierazi du Patxi Zabaletak. Nazioarteko politikan Jose Maria Aznarri "aurre egin" diola esan du, "baina barne politikan haren eskutik" joan dela azpimarratu du. "Hori akats larria da, eta konpondu egin behar du. Felipe Gonzalezek GAL auziagatik galdu zuen boterea, Aznarren manipulazioarengatik eta indarkeriari etekin politikoa atera nahi izateagatik, eta Zapaterori eskatuko nioke zulo berean ez erortzeko", azpimarratu du.

Andolin Eguzkintzaren heriotza

Patxi Zabaletak Andolin Eguzkintza euskaltzain eta idazlea ondo ezagutzen zuela adierazi du. "Euskaltzaindian topo egin genuen, idazleen elkartean ere bai, eta azken aldian Aralarren egin dugu bat", gogoratu du. Eguzkitzaren heriotzaren berri jakitean "tristura handia" sentitu zuela azpimarratu du eta lagun handi bat galdu duela. "Nafarroarekin harreman asko zituen, Nabarraldeko kidea zen eta Nafarroari buruz ere idatzi izan zuen, eta Euskal Herriarekiko kezka handia sentitzen zuen. Andolinek zituen ilusioei eutsiko diegu", gaineratu du Zabaletak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.