"Ez naiz independentziaren aldekoa, baina herritarrei galdetzeko unea da". Hala hitz egin du Gemma Zabaleta PSE-EEko kide eta Jaurlaritzako sailburu ohiak Radio Euskadin. Hurrengo urtea gakoa izango dela uste du Zabaletak: "Ohiz kanpoko garaia izango da politikarentzat ETAk jarduera armatua utzi duelako, eta hori funtsezko elementua da".
Testuinguru berri horretan, "mehatxurik gabe", euskal herritarrek eztabaida politikoari aurre egin behar diotela uste du Zabaletak. "Horretarako unerik egokiena da, eta egin beharrekoa dela uste du".
Erabakitzeko eskubidea: aldarrikapena eta egikaritzea izenpeko mahai inguruan ariko da Zabaleta, Floren Aoiz Sortuko Iratzar fundazioko zuzendariarekin eta Juan Jose Ibarretxe EAJko kide eta lehendakari ohiarekin batera; 19:00etatik aurrera izango da, Bilbon, EHUren Bizkaia aretoan.