Patxi Zabaleta Nafarroa Baiko Parlamenturako zerrendaburuaren irudiko, ustezko etakideek Frantziako Poliziari tiro egin izanak erakusten du ETAk «faktikoki» su-etena hautsi egin duela. Gertaera horren inguruan Bilduk egindako adierazpenak «desegokiak» iruditu zaizkio Zabaletari. «Uste dugu ez dela egokia testuinguru bat eman nahi izatea. Uste dugu giza eskubideen arabera eskatu behar dela indarkeria etetea eta ez unean uneko egoera politikoaren arabera, prozesua egon zein ez. Modu berean, galdegiten diogu Estatuari giza eskubideak berma ditzala».
Zabaletaren irudiko, ETAri falta zaio adieraztea su-etena «alde bakarrekoa» eta «behin betikoa» dela. Era berean, Espainiako Estatua kritikatu du: «Estatuak indarkeria abantaila politikoa ateratzeko erabili beharrean, giza eskubide oro bermatu behar luke ETAk egiten duenari edo egiten ez duenari erreparatu gabe». Haren ustez, hori bera eskatzen da munduko beste toki batzuetan: «Zer eskatzen zaie botere politikoei Mediterraneoaren beste aldean? Giza eskubideak errespeta ditzatela. Bada, hemen ere bai». NaBaiko hautagaiak kritikatu egin du horregatik fiskalak Bilduren zerrendak aztertu nahi izatea. «Gaizki deritzogu Fiskaltzaren eta Estatuko abokatuaren iragarpenari, demokrazia batean ez baitago legez kanpoko pertsonarik».
Zabaletak dio ETAk tiroketarekin «faktikoki» su-etena hautsi duela
NaBaiko hautagaiak azaldu du Bildu koalizioak egindako adierazpenak «desegokiak» direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu