Atzokok emaitzak eskuetan hartuta, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusi eta Amaiurreko kideak ez du erabat baztertu Nafarroako Parlemantuan Yolanda Barcina presidentearen aurka zentsura mozioa aurkeztea. "Ezer baztertu gabe, ez gara ezeren alde agertuko", esan du. Aukera hori arduraz eta errealitateari erreparatuta aztertu beharko litzatekeela dio
Nafarroan gehiago dira PSN, Amaiur eta Geroa Bai, UPN-PP baino. Giltza edonola PSNk izango luke, aurretik, 2007an eta aurten maiatzean, izan duen moduan. Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak, ordea, gaur esan du jada atzoko hauteskundeetako bozketaren emaitzak ez duela zertan eragin Nafarroako Gobernuan UPNk eta PSNk duten akordioan. "Guk akordio bat daukagu sinatuta, eta oso garbi dago idatzita bi alderdi ezberdin garela", esan du Barcinak.
Carlos Garcia Adanero UPNk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak esan du atzoko emaitzak eta gobernu akordioa bateragarriak direla. "PPren agintaldia Espainian dago", esan du. Ondoren gaineratu du Raxoiren neurriek enplegua sortzea izango dutela helburu, eta lortuz geroz, zaila izango dela aurre egitea. "UPNk, noski, ez dio egingo aurre".
Pozik agertu da Garcia Adanero UPN-PP koalizioak atzo lortu zituen emaitzekin. "Guk bi genituen eta bi izango ditugu. Beste batzuk bi zituzten, eta bakarra izango dute", esan du PSNri erreferentzia eginez.