Nafarroako Parlamentuko alderdiek abuztuaren 18ra arteko epea dute Gobernuko lehendakaria izendatzeko, baina gaur Patxi Zabaleta Nafarroa Bairen legebiltzarkideak esan du ez duela uste boz berriak deituko dituztenik. Zabaletaren ustez, Miguel Sanz (UPN) izango da lehendakari, PSNren abstentzioarekin.
Aldiz, hauteskunde berriak baleude, hori Nafarroa Bairentzat "oparia" litzatekeela iritzi dio Zabaletak, gaur Euskadi Irratian esan duenez, "ondoen prestatua dagoena delako". UPNk ere gora egingo lukeela uste du, PSNk ez. "Hobekien guri etorriko litzaiguke eta okerren, PSNri. Hauteskunde berriak izatea aterabiderik zoragarriena da guretzat, horrekin ari gara amesten. Baina hauteskunde berrien oparirik ez dugu izango".
Haren esanetan, Nafarroa Bai izango da "benetako oposizio bakarra, PSN lotuta geratuko baita UPNren babesa eman beharreko zeregin triste horrekin". Zabaletak dio PSNren erabakia Madrilen hartu dutela. "Arazo politiko huts-hutsa da, Madrildik eraginda, [Espainiako 2008ko] hauteskundeei begira baitaude"
PSNren batzordeak gaur arratsaldean bilera egingo du, egoera aztertzeko. Alderdiaren barruan herrialdeko zuzendaritzaren jokabidearen aurkako iritziak azaldu dira, Nafarroa Bairekin akordioa ez egiteagatik.
Politika
Zabaletak ez du uste hauteskunde berriak egingo dituztenik Nafarroan
Nafarroa Bairen parlamentarioaren ustez, Miguel Sanz izango da Gobernuaren lehendakari berriro, PSNren abstentzioarekin. Parlamentuko alderdiek abuztuaren 18ra arteko epea dute lehendakaria izendatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu