POLITIKA

Zabaletaren ustez, Barcina karguan mantenduz gero PSN ezingo da "giltzarri" izan

PSNk zentsura mozioaren aukera baztertu izana kritikatu du Aralarreko koordinatzaileak. Apirilaren 5ean aurkeztuko du EH Bilduk mozioa Nafarroako Parlamentuan.

2013ko martxoaren 25a
15:32
Entzun

PSNk Barcina Nafarroako presidentetzan uzten badu, herritarrek kendu egingo diote alderdi horri "giltzarri" izateko aukera. Hori adierazi du gaur Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak, Radio Euskadin eginiko elkarrizketa batean. Zabaletaren ustez, "zentsura mozio bat aurkezteko eta alderdi politiko guztiei mozio horrekin bat egiteko aukera" baliatu behar da.

"Alderdi batzuekin eta besteekin hitz egiten ahalegindu gara, eta, laster, Nafarroako ordezkari guztiek izango dute aukera esateko Barcina joatea nahi ote duten", adierazi du. Zabaletak gogorarazi du "batzuek" —PSNk— iragarri dutela "aukerarik ez" dagoela mozioak aurrera egiteko, eta gaineratu du "bakoitzak bere botoaren zergatia" arrazoitu beharko duela.

Apirilaren 5ean aurkeztuko du EH Bilduk zentsura mozioa Nafarroako Parlamentuan, eta Zabaletak esan du mozio horretan "bakoitzak bere burua agerian" utziko duela. Gainera, kritikatu egin du Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiak Nafarroako hauteskundeak aurreratzeko aukera baztertu izana eta "egonkortasun instituzionala" aukeratu izana. Rubalcabak "zentralismo kontserbadore eta tradizionalenean oinarrituta" jardun du, Zabaletaren ustez.

Nafarroako Kutxako dieten auziaz ere mintzatu da Zabaleta. Esan du "positiboa" dela dietak itzultzea, baina "begi bistakoa" dela hori ez dela "nahikoa". Hala ere, oraindik argitu gabeko "zalantza larriak" daudela ohartarazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.