Zabalgarbik ez du kanpoko zaborrik erreko

PPk mozio bat aurkeztu du, beste herrialde batzuetako hondakinak erraustea proposatuz, baina ez du aurrera egin

mikel p ansa
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Bizkaiko zaborrak erretzen jarraituko du Zabalgarbik oraingoz. Orain arte bezala. Beste herrialde batzuetako hondakinak Zabalgarbiko errauste plantan erretzeko proposamena egin du PPk Batzar Nagusietan; baina EAJk aurkako botoa eman du, eta abstenitu egin dira PSE-EE eta Bildu. Mozioa bere horretan gelditu da, beraz.

Gipuzkoako hondakinak Igorreko zabortegian hartzeko ituna bukatu berritan egin zuen proposamena PPk, atzo. Bizkai ez beste herrialde batzuetatik ekarri ahal izango liratekeen zaborrak Zabalgarbin erraustea nahi du PPk. Zabortegi gehiago irekitzea zail izango da etorkizunean, PPren esanetan. Mozioak proposatzen zuen diputazioak eta Zabalgarbik hitzarmen bat sinatzea, hondakin horiek erraustera eramateko.

EAJk eta PSE-EEk uste dute ez dela momentua halako hitzarmenetarako. «Egoera hipotetikoa, arrunt futurista eta bihurregia» da PPk proposatutakoa, EAJren esanetan. Diputazioak halako hitzarmenak sinatzeko aterik ez duela itxita zehaztu du; baina egoera horietara iritsiz gero diputazioak erabakitzeko aukera izan behar lukeela ñabartu du.

Bilduko batzarkideek, berriz, kezka agertu dute errausketarekin. Gogorarazi dute Europak hondakinen kudeaketa eredu «iraunkorragoak» aholkatu dituela eta errausketa eta zabortegietara botatzea alde batera uzteko eskatu duela. Bizkaiko hondakinen kudeaketa plana eskakizun horien arabera berridatzi behar dela erantsi dute. Bizkaiko Ingurumen diputatu Iosu Madariagak erantzun die Bizkaiak dagoeneko betetzen dituela Europak hondakinen kudeaketan egiten dituen eskakizunak.

Bizkaian izugarri jaitsi da hondakinen sorrera azken bost urteetan. Iaz 589.000 tona hondakin sortu ziren, hondakinen planean espero zena baino ia 200.000 tona gutxiago. 217.000 tona erre zituen Zabalgarbik; 194.000 tona eraman zituzten birziklatzera; 170.000 tona, zabortegira; eta 4.450 tona konposta egitera. TMB tratamendu mekaniko-biologikorako planta eraikitzen ari da Bizkaiko Foru Aldundia; heldu den urterako lanean egotea espero da, eta urtean 180.000 tona tratatzeko ahalmena izango du. Beraz, martxan jartzen den momentutik aurrera, zabortegira zaborrik eraman beharrik ez luke izango Bizkaiak. Hondakinen sorrerak behera egiten jarraituko balu, berriz, errauste plantak edo TMB plantak esperotakoa baino hondakin gutxiago jasoko lituzkete. Aldundiak dagoeneko bazterrera utzia du Zabalgarbin beste errauste linea bat eraikitzeko aukera, berez bi errauste linea egitekoak baitziren bertan. Hondakinen sorrerak behera egin duenez eta Bilboko hondakinak hartzen ez dituenez, egungo errauste linea bakarra aski izango dela erabaki zuen Bizkaiak.

Bestalde, Errigoitin biomasa zentral bat eraikitzearen aurka beste mozio bat aurkeztu zuen Bilduk atzo Batzar Nagusietan. Ingurumenean leukaken eraginagatik eta inguruko bizilagunen oposizioagatik, proiektua bertan behera uzteko eskatu zuen. EAJk eta PSE-EEk aurkako botoa eman zuten, baimen guztiak dituela eta legezko dela argudiatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.