GAZTERIA

Zaballako espetxean sartu dituzte Zaldibar, Robles eta Esteban

Ertzainak gogor jo du herri harresiaren kontra, eta 60 lagun inguru zauritu dira atxiloaldian. Aske Gunetik zoriondu egin dituzte herri harresian parte hartu duten herritarrak, baina, salbuespen egoerekin "nazkatuta" daudela azpimarratu dute. Lau orduren buruan atxilotu dituzte Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban.

edurne begiristain
2015eko maiatzaren 18a
07:26
Entzun

Ertzaintzak oso gogor atera ditu atzo arratsaldeaz geroztik Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan herri harresia osatu zuten gazteak. Lau orduren buruan atxilotu ditu Aiala Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Esteban, kartzela zigorra jaso eta ezkutuan egon ostean, herri harresian zeuden hiru gazteak. Haiek ez ezik, beste hogei lagun ere eraman dituzte atxilo, Eleak mugimenduaren arabera. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailak jakinarazi du hiru lagun inputatu dituela.

Atxiloaldian hainbat gazte zauritu dira; 60 inguru, zenbait berri iturriren arabera. Haietatik gutxienik bi, anbulantzian eraman dituzte erietxera. Aske Guneko ordezkari Zigor Olabarriaren arabera "asko" dira zauritu diren gazteak. Horren harira esan du "nazkatuta" daudela "oinarrizko eskubideak defendatzeagatik" kolpeak jasateaz: "Baina legea eta justiziaren artean erabakitzea badagokigu, berriro ere justiziaren alde egingo dugu", egin du oharra.

Salbuespen egoerak bukatzeko eta "galdutako eskubideak" berreskuratzeko deia egin du. Halaber, atxilotu dituzten gazteak eta herri harresian parte hartu duten herritarrak zoriondu ditu, erakutsitako konpromisoagatik. 

Ertzaintza, oso bortitz

Ertzainak oso gogor hasi dira gazteak banaka herri harresitik ateratzen; gazteak borrekin jo dituzte, eta ostikoak ere eman dizkiete. Sareekin eta hodiekin lotuta zeuden gazteak, bata bestearekin, eta horren ondorioz, zaildu egin zaie ertzainei gazteak bertatik eramatea.

Identifikazioa oztopatze aldera, gazteak mozorrotuta zeuden, eta ertzainek indarrez kendu dizkiete ileordeak eta beste. Tentsio handia izan da hainbat unetan.

Gasteizko Zapataria kalean bildu dira ertzainek herri harresitik atera dituzten herritarrak. Zauriak sendatu eta salaketa jartzeko argazkia-eta ateratzen aritu dira han. Kale horretan bertan eta Gasteizko Alde Zaharreko beste zenbait kaletan herritarrei oldartu zaie Ertzaintza. Goiz osoan itxita eduki dute Andre Maria Zuriaren plaza.

Manifestazio jendetsua igandean

"Sententzia desobeditzea justiziaren eta giza eskubideen alde egitea da". Hala adierazi zuten Alaia Zaldibar, Igarki Robles eta Ibon Estebanek bideo batean, herri harresia aurretik atzo eginiko manifestaziora joateko deia eginez. Sei urteko espetxe zigorra ezarri die Espainiako Auzitegi Nazionalak Segiko kide izatea egotzita.

Manifestazio hasieran, nabarmendu zuten gazteak "beren militantzia politikoagatik" zigortu dituztela, eta gogorarazi haien aurkako frogak torturapean eginiko deklarazioak direla.

Hiru sarekadetan atxilotu zituzten gazte auzipetuak: 2010eko urriaren 22an, urte hartako abenduaren 16an eta 2011ko otsailean eta martxoan. Batez beste, hamaseina hilabete egin dituzte kartzelan gazteek. Guztira, 768.000 euro ordaindu zituzten bermetan.

Epaiketa osoan, babes zabala jaso dute gazteek. Azaroan, milaka lagun elkartu ziren Iruñeko kaleetan haien alde, eta gizarte eragile ugarik defentsaren lekuko gisa deklaratu zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.