Ertzaintza goizeko seiak inguruan iritsi da Bulebarrera, eta ordu erdi geroago hasi da herri harresia desegin nahian. Bi ordu geroago atxilotu dituzte aurreko astean Segikoak izatea leporatuta, torturapeko deklarazioetan oinarrituta, espetxera zigortutako gazteak. Zigortuetako sei zeuden Aske Gunean. Tarte horretan, herri harresian zeuden ehunka lagun askatu behar izan dituzte ertzainek. Jarrera erabat baketsua izan dute harresikoek, baina Ertzaintza borrekin eta kolpeka oldartu zaie handik ateratzeko. Hainbat zauritu daude Ertzaintzaren indarkeriak eraginda. Harresitik atera ondoren ere ertzainek iraindu dituztela salatu dute zenbaitzuek: "Iletik tiraka eraman naute, betaurrekoak hautsi dizkidate, puta naizela esan eta guztiak bortxatuko gaituztela esan didate", salatu du neska batek, AskeGunea Twitterreko erabiltzailearen arabera.
Kosta zaio, bai Ertzaintzari jendea banaka ateratzea, iritsi diren unean ere ehunka baitziren gazteei babesa ematen ari zirenak. Lekukoen arabera, asko ziren bertara joandako ertzainak. Bulebarra itxi egin dute ibilgailu eta oinezkoentzat, eta modu horretan hasi dira goizaldean gazteak atxilotu nahian. Hasieran, arrastaka eraman dituzte herri harresian zeudenak, baina gazteak dauden lekura gerturatu ahala, ertzainek orduan eta jarrera bortitzagoa izan dutela diote lekukoek.
Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe, Egoi Alberdi eta Aitor Olaizola dira zigortutako zortzi gazteak.
Zortzi gazteen animoak, harresian zeudenei
Oier Lorente zortzi gazteetako batek animo mezuak eman dizkie eurak babesten ari direnei, atxilotu aurretik: "Aupa gazteak! Guk ere maite zaituztegu". Herri harresitik eramaten zituztenen artean pena eta amorrua ikus zitekeen, baita malkoak ere. Handik atera eta Parte Zaharrera sartzeko kale batera eraman dituzte. Ertzaintzaren aurrean, ordea, tinko eutsi diote euren jarrera baketsuari herri harresian egon bitartean. Twitter sare sozialean #resist8 etiketa ari dira erabiltzen. Gazteen aldeko oihuak uneoro entzun zitezkeen herri harresian, baita Ekaitz Iberoren aldeko oihuak ere. Aurreko astean atxilotu zuten Ibero, beste auzi batean zigortua.
Tarte horretan guztian, kazetariak urruneko lekukoak izan dira. Ertzaintza Bulebarrera iritsi denean, kazetariei handik ateratzeko eskatu ondoren, hiru abisu eman dituzte, eta gero hasi dira jendea ateratzen, arrastaka hasieran eta indarkeria handituz gero. Kazetariei kioskoan egoteko esan diete, euren lana ez "oztopatzeko". Bazihoazenean argazkilari bati ere oldartu zaio ertzain bat, "ez dago ikusteko ezer hemen" esanez. Atxilotuak eraman ondoren, lekukorik gabe, karpan geratu direnei are eta gehiago oldartu zaizkiela esan dute lekukoek.
Iñigo Cabacas gogoan
Espero bezala, ehunka ziren zortzi gazteak babesten ari zirenak herri harresian. Elkarri helduz modu baketsuan eragotzi nahi izan dute bi orduz zortzi gazte zigortuen atxiloketa. "Euskal gazteria aurrera" eta beste batzuk ozen entzun dira Bulebarrean. Ertzaintzak indarra erabiltzen zuenean ere, oihuak eta txistuak asko izan dira. Iñigo Cabacasen aldeko oihuak ere entzuten dira Bulebarrean, eta ertzainei eurek hil zutela aurpegiratu diete.
Atzo egun osoz aritu zen Ertzaintza joango zelako zurrumurrua. Iñigo Urkulluk herenegun esan zuen Ertzaintza "polizia judiziala ere" badela eta epaileen agindua beteko zuela. Donostia inguruko polizia etxeetan mugimenduak sumatuta, herri harresia iristen zenerako prestatu ziren Bulebarrean zeudenak. Atzo goizaldean jada bi aldiz joan zen Ertzaintza, baina bietan ere inor atxilotu gabe bueltatu ziren.