EUSKAL HERRIA

Zaballako isolamendu geletan emakumeen oinarrizko eskubideak urratzen direla salatu dute

Salhaketa elkartearen esanetan pribatutasunarekin, tratu duina jasotzeko eskubidearekin eta osasunarekin loturiko eskubideak ez dira errespetatzen. 

2012ko uztailaren 23a
13:07
Entzun

Salhaketa presoen eskubideen aldeko elkartearen aburuz, Zaballako espetxeko (Araba) isolamendu geletan emakumeen oinarrizko eskubideak urratzen dira; pribatutasunarekin, tratu duina jasotzeko eskubidearekin eta osasunarekin loturiko eskubideak hain zuzen. 

Zaballako kartzelako emakumezkoen isolamendu gelen egoeraren berri eman dute Gasteizen Salhaketako ordezkariek. Adierazi dute txostena banatuko dietela Arartekoari, Giza Eskubideen Batzordeari eta Emakunderi, gela horien egoera zein den jakin nahi dutelako. 

Salhaketaren esanetan, gela horietan preso dauden emakumeen bizi baldintzak "oso gogorrak" dira. Dutxarik eta komunik ez dutela salatu du elkarteak eta ez dietela telebista edo libururik izaten uzten. Gainera medikuak egunero bisitan ez etortzea "gauza larria" dela ohartarazi dute ordezkariek, gela horietan dauden emakume gehienak gaixotasun psikiatrikoak dituztelako. 

Isolamendu modulo bakoitzean hiru gela daude elkarren ondoan, kristal batez bereizita. Erdiko gelan laguntzarako presoa egoten da, hamabi orduko txandak egiten dituena. Elkartearen esanetan baina funtzionario asko preso horietaz ahazten dira eta 24 ordu edukitzen dituzte isolatuta.

Salhaketak azaldu duenez, gainera, behin-behineko isolamendu zigorrak ez du zehazten zenbat egun egon behar duen presoak isolatuta; eta ondorioz, emakumezkoek hainbat egun pasa ditzakete egoera horretan. "Zaballan 80 emakume daude preso baina momentu honetan ez dakigu zenbat dauden isolamendu gela horietan", ohartarazi du elkarteak. 

Bestalde, Salhaketak salatu du Zaballako espetxean ez dagoela haurdun dauden emakumeentzako modulurik, eta beraz, haurdun dauden emakumeak EAEtik kanpoko espetxeetara eramaten dituztela. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.