Bi preso zendu dira jadanik Zaballako espetxean (Iruña Oka, Araba). Salhaketa elkarteak jakinarazi duenez, 64 urteko preso bat hil zen orain dela bi aste. Bilbokoa zen, gizonezkoa, eta oso gaixo zegoen. Bost hilabete zeramatzan kartzelako erizaindegian. Txagorritxuko ospitalera eraman zuten, haren osasunak okerrera egin zuelako, eta han hil zen. «Legea aplikatuta, preso horrek kalean behar zuen. Oso gaixo zegoen». Espainiako Espetxe Erakundeetako Idazkaritzak esan du bihotzekoak jota hil zela presoa.
Arabako kartzela berrian izandako beste heriotza baten berri eman zuen Salhaketak herenegun. Igandean aurkitu zuten presoaren gorpua, ziegan; 30 urteko gizonezko gipuzkoar bat zen. Espetxe zaintzako arduradunek iragarri dute ikertu egingo dutela zer gertatu zen.
Bi heriotzak salatzeko, Salhaketak elkarretaratzera deitu du, astelehen eguerdirako. Gasteizen egingo dute protesta, Espainiako Gobernuak duen ordezkaritzaren aurrean. Halako kasu gehiago ez gertatzeko neurriak ere eskatuko dituzte.
Bi heriotza horiek «isiltzea» egotzi die Salhaketak espetxeetako arduradunei. «Orain, ez dituzte ezta jakinarazten ere. Inpunitatea ikaragarria da. Badirudi kezkatuago daudela heriotza horiek ezkutatzeaz, presoen osasun eta bizitza eskubidea bermatzeaz baino. Onartezina da. Berdin gertatuko zen biktimak beste batzuk izan balira?», galdetu du Salhaketak. Gainera, heriotza horiek argitzeko dagoen «ekimen falta» kritikatu du. Epaileei eta fiskalei eskatu die ez inhibitzeko halako kasuetan.
Iazko abenduan hasi ziren presoak Zaballako espetxera eramaten. Salhaketako ordezkariekEusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean hitz egin zuten orain dela egun batzuk. Salatu zuten Zaballako espetxeko lau modulu itxiak zituztela eta presoak pilatuta zeudela. «Horrek ezinbestean dakar presoenganako arreta falta, eta, ezinbestean, halako heriotzak gertatzen dira». Funtzionario faltaz ere ohartarazi zuen Salhaketak.
Agerraldi publiko bat ere egin zuten orain dela hilabete, hori guztia salatzeko. Elkarteko bozeramaile Cesar Manzanosek honela definitu zuen kartzelaren egoera: «Isilean, lehen gradua ezarri dute. Moduluak bakartze espetxeak dira, eta presoak apenas ateratzen diren handik». Emakumeen moduluaren egoera kaskarra ere salatu zuen. Azaldu zuen egoera Langraizkoa baino okerragoa zela.
Aurten, hiru gutxienez badira Euskal Herriko espetxeetan hildako presoak. Zaballan zendutako presoez gain, martxoaren 14an beste preso baten gorpua aurkitu zuten Basauriko kartzelan (Bizkaia); 40 urte zituen, eta emakumezkoa zen. Bederatzi urte zeramatzan espetxean. Gutxi falta zitzaion zigorra betetzeko.
Amaiurren eskaria
Igandean hilda azaldutako preso gipuzkoarraren berri izan ondoren, Amaiurrek galdera bat egin zuen herenegun Espainiako Kongresuan; Justizia eta Barne ministroei galdetu die ikerketaren bat hasiko ote duten gertatukoa argitzeko, eta ea zein neurri hartuko dituzten halako heriotzak eragozteko; kartzelen eskumena Eusko Jaurlaritzaren esku noiz geratuko den ere galdetu die.
Zaballako kartzelan hildako presoak bi dira jadanik
Hildako bigarren presoak 64 urte zituen, eta Bilbokoa zen; preso gipuzkoarraren heriotza ikertu egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu