Zaballako kartzelaren aldeko kanpaina salatu dute

«Sostengaezina» den espetxe eredu baten alde egin izana kritikatu dio Salhaketak Espainiako Gobernuari

Jon Rejado.
Gasteiz
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Zaballako bolborategian (Iruña Oka, Araba) eraikitako espetxearen aldeko kanpaina salatu du espetxe erraldoien aurkako plataformak. Gaur bertan kartzela egin zenetik bigarrengoz inauguratuko dutela gogorarazi dute, eta azpiegituren argazkien bitartez luxuzko eremu gisa aurkeztu nahi izatea kritikatu dute. «Argazkietan ez dituzte isolamendu ziegak atera», esan du Cesar Manzanos Salhaketako eledunak.

Salhaketaren ustez, 1.800 preso hartu ahal izango ditu espetxe berriak, eta, ondorioz, preso bakoitzeko 18.000 euro behar izan direla jakinarazi du Manzanok. Horrez gain, espetxea mantendu ahal izateko urtean beste 12 milioi euro beharko direla gaineratu du. Inbertsio hori egin bitartean, ordea, gizarteratzearen aldeko azpiegiturei emandako laguntzak jaitsi direla jakinarazi du.

Salhaketak kudeatzen eta ordaintzen duen harrera pisuari diru laguntza kendu diotela azaldu du Manzanosek, bertatik igaro diren pertsonen gizarteratzea espetxean baino hobeto gertatu den arren. «Espetxean beharko luketen diruaren hamarren batekin egin dugu hori; askoz errentagarriagoak garela erakutsi dugu».

Zaballako kartzelak irudikatzen duen espetxe sistema «sostengaezina» dela kritikatzeaz gain, presoen gizarteratzean ez duela laguntzen gaineratu du. Espetxea Araban jaio edo sustrairik ez duten presoekin beteko dela iragarri du, pertsona horiek beste leku batzuetan izan ditzaketen sustraiekin bukatuz. Ordea, Araban jaio diren 500 preso inguruetatik gehienak beste espetxe batzuetan daudela gogorarazi du.

Espetxean dauden sustrairik gabeko pertsona horiek ateratzean gizarteratzeko are zailtasun gehiago izango dituztela gaineratu du Manzanosek, azkenaldian gertatzen ari diren gizarte laguntzen murrizketaren ondorioz.

Langileen erdiak baino ez

Horrez gain, Langraizko espetxe zaharra irekitzeko arriskuaz ohartarazi du Salhaketak. PSOE ezer agintzeko moduan ez dagoela dio Manzanosek, eta Espainiako hauteskundeetan PPk irabaziko balu espetxea irekita mantentzeko aukera duela gaineratu du. «Irekita mantentzen ez badute, azaldu beharko dute zergatik egin dituzten espetxea zaharberritzeko inbertsioak azken urteetan».

ELA sindikatuak, berriz, espetxea irekitzeko modua kritikatu du. Kartzelak normal lan egin ahal izateko beharko lituzkeen langileen erdiak baino ez daudela jakinarazi du. Horrez gain, Zaballako espetxeak «porrot» egin duen espetxe sistemaren irudia dela jakinarazi du, eta gai horri buruzko eskumenak eskatzea galdegin dio Eusko Jaurlaritzari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.