Presoen baldintzak askoz okerragoak dira. Moduluetatik lehen baino gutxiago ateratzen dira, eta ziegetan ere pilatuta jarraitzen dute». Inauguratu eta urtebetera, horrela ikusten du Zaballako espetxea (Iruñea Oka, Araba) Cesar Manzanosek. Presoen eskubideen alde lanean ari den Salhaketa elkarteko kidea da Manzanos. Bat dator iritzi horrekin ELAko Espetxe Gaietarako arduradun Javier Del Moral. «Porrot egin duen espetxe eredu baten adibide argigarrienetakoa da Zaballa». Manzanosek argi du zein den eredu horren xedea: «Negozioa egitea».
Gaur betetzen da urtebete espetxea inauguratu zutela, eta abenduaren 12tik daude presoak han. Manzanosek salatu du presoak «bakartuago» daudela. «Moduluak bakartutako mikroespetxe batzuk bezalakoak dira. Ia ez dira handik ateratzen. Jarduera gehienak moduluetan egiten dituzte. Oso gutxitan eramaten dituzte jarduera horiek egiteko propio prestatutako guneetara».
Patioek dituzten paretak lehen baino altuagoak direla salatu du Manzanosek. «Segurtasun neurriak are zorrotzagoak dira. Non-nahi daude segurtasun kamerak. Kristal guztiak tindatuta daude, eta funtzionarioekin hitz egitekoleihatila txiki bat dago; ia ez zaie ikusten. Tratua, beraz, hotzagoa da. Apenas duten harremanik funtzionarioekin». Maite Ramirez Zaballako espetxeko langilea da, eta hori baieztatu du. «Presoen ziegak irekitzeko sistema bera automatizatua dago; ez gara jaisten ezta ziegak zabaltzera ere», azaldu du. Kritiko da horrekin. «Lehen, adibidez, presoek arazoren bat bazuten, kontatu egiten ziguten. Orain zailagoa da hori. Horrek ez luke horrela izan behar. Izan ere, jende askok uste duenaz bestera, guk tratua izan nahi dugu presoekin. Gure zereginetako bat da presoei gizarteratzen laguntzea. Espainiako Konstituzioak argi uzten du hori». Gainera, gogorarazi du beren lan baldintzek «nabarmen» egin dutela okerrera. «Espetxeak har dezakeen preso kopurua kontuan hartuta, lantaldearen erdiak gaude. Horrek, presoenganako tratuan ez ezik, ondorioak izan ditzake segurtasunean ere. Zailagoa da presoak kontrolatzea. Preso batek ihes egingo balu, gainera, errua gurea izango litzateke. Ziega bakoitzean bi preso badaude, langile faltagatik daude. Funtzionario gehiago egongo bagina, posible litzateke ziega bakoitzean preso bat egotea. Horri esker, haien egoera zertxobait hobea izango litzateke».
Manzanosek azaldu du langile falta hori dela eta lan egiteko tailerrak, ikastekoak eta bestelako zerbitzu asko ez daudela martxan. Ramirezen arabera, espetxe berriak izan dezakeen «gauza on bakarrenetakoa» errespetu modulu gehiago izatea da.
Ziegen egoera hobetu gabe
Berriak izan arren ziegetako baldintzak ez direla hobetu esan du Manzanosek. «Oso argi gutxi dute, eta horrek are gehiago handitzen du bakartze sentsazioa. Gainera, ziega bakoitzean bi preso daude espetxe honetan.Beraz, pilatuta jarraitzen dute, eta intimitaterik gabe».
Salhaketak aspaldi kritikatu zuen, gainera, hainbat zerbitzuren egoera: garbiketarena, adibidez. Elkartearen arabera, presoei astean behin jasotzen diete arropa, eta ez diete uzten beren maindire eta xukaderak edukitzen. Barruko arropa ez diete garbitzen, eta eskuz garbitu behar izaten dute. Horrekin batera, espetxean bisitak jasotzeko lekua okerragoa dela nabarmendu du Manzanosek. «Mendian dago. Hara iristeko, ez dago garraio publikorik. Autoz joan behar duzu. Gainera, elurra egiten duenean traba handiak daude hara iristeko».
Ramirezek, Del Moralek eta Manzanosek kezka azaldu dute emakume presoen egoerarekin. «3 urtetik beherako umeak dituzten preso amentzat ez dago modulurik oraindik Zaballan. Ulertezina da», esan du Ramirezek. Babesik gabe daudela nabarmendu du Manzanosek. «Oso kezkagarria da, adibidez, buruko gaitzak dituzten emakume presoen egoera. Bakartu egiten dituzte, eta ziegan ez dute ez komunik, ez dutxarik. Gainera, askotan ez dizkiete ematen garbitzeko beharrezkoak dituzten gauzak».
Espetxe zaharrean, hirugarren graduan dauden ehun bat presok jarraitzen dute. «Utzita» daudela nabarmendu dute Manzanosek eta Ramirezek. «Jasotzen dituzten zerbitzuak espetxe berriaren araberakoak dira. Berrian iritsi ezinda gabiltza, beraz, pentsa zein egoeratan dauden zaharrean jarraitzen dutenak».
Eredua aldatzeko eskatu dute, eta gizarteratzeko zentroen alde egin. Del Moral: «Gurea bezalako herri txiki batean ez dute zentzurik halako espetxe handiek. Espetxeen eskumena eskatzen da, baina aho txikiarekin. Egungo espetxe eredu hori gainditzen hasteko ordua da; eta presoarenganako errespetu handiagoa duen eredu bat sortu behar dugu hemen».
Zaballan, «bakartuago eta okerrago»
Urtebete igaro da Zaballako espetxea inauguratu zutenetik. Presoen eskubideen alde lanean ari diren elkarteek eta beste hainbat gizarte eragilek beste espetxe eredu baten beharra berretsi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu