Hainbat elkartek salatu dute Zaballako espetxean (Araba) bakartze ziega bereziak erabiltzen ari direla. Buruko gaixotasunak dituzten andreak beste presoengandik bakartzeko erabiltzen dituztela gaitzetsi dute. Hain zuzen, elkarte horiek kritikatu dute beren buruaz beste egiteko arriskua duten emakumeak aukera hori areagotzen duten «bakartze ziega berezietan» sartzen dituztela.
Marta Aldanondo Salhaketako abokatuak azaldu du ziega horiek hiruko multzotan antolatuta daudela, elkarren artean kristal blindatuekin banatuta. Suizidioen Prebentziorako Planean dauden emakumeak alboetako geletan jartzen dituzte, eta erdiko ziegan sostengua ematen dien presoa sartzen dute; Zaballako emakumeen errespetu moduluko preso bat da azken hori, eta hamabi orduko txandak egiten ditu, funtzionarioen irizpideen arabera 24 ordura ere luza daitekeen arren. «Buruko osasunean espezializatutako langileei edo presondegiko funtzionarioei dagokie preso horrek egiten duen lana».
Buruko gaitzak dituzten emakumeei neurri horiek ezartzearen aurka agertzeaz gain, elkarteek gogor salatu dituzte bakartze ziega berezi horien baldintzak. Ohikoak baino apur bat txikiagoak dira, eta ez dute ez komunik, ez konketarik, ezta dutxarik ere; horren tokian zulo bat dago lurrean, eta erabili ondoren ur tangari ematen diotenean ziegako lurra bustitzen dela jakinarazi dute. Han dauden andre presoek ez dute ez xaboirik, ez komuneko paperik, ezta edalontzirik ere, eta egoeraren arabera baino ez dizkiete ematen hortzetako pasta, eskuila, tanpoiak eta konpresak. Horrez gain, ziega horietan igaroten duten denboran —bost egunetik gora kasu batzuetan— ezin dute arropa aldatu.
Zentzumen gabezia
Baldintza horiek salatzeaz gain, Aldanondok ziegetan duten «zentzumen gabeziaz» ohartarazi du. Ez dute telebistarik, ezta libururik irakurtzeko aukera ere. Sostengu presoarekin hitz egin nahi izanez gero, kristalera gerturatu, eta oihukatu egin behar dute. Funtzionarioei deitzeko interfono bat dute, baina hango presoek jakinarazi dute batzuetan ez dutela ezta erantzun ere egiten.
Egoera «ankerra, laidogarria eta umiliagarria» dela nabarmendu dute elkarteek, eta gogorarazi dute intimitaterako, tratu duinerako eta osasunerako oinarrizko eskubideak urratzen dituztela. Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen Batzordean, Emakunden eta Arartekoan salatu dute, besteak beste, andre preso horien egoera.
Aldanondok azaldu du espetxeko emakumeen moduluetan dauden presoek eman dietela ziega horien berri. «Harrigarria iruditzen zaigu espetxe araudiko neurri hertsatzaileak ezartzea presoek beren buruaz beste egin ez dezaten». Ordea, azaldu du ohiko bakartze ziegetan ez bezala ziega bereziak izanda ez dagoela araututa presoak bertan pasa dezakeen gehienezko denbora.
Zaballan gaixo eta bakartuta dauden emakume presoen egoera salatu dute
Bakartze ziegen baldintzek «zentzumen gabezia» areagotzen dutela ohartarazi dute hainbat taldek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu